Kalitatea Kudeatzeko Sistema bat garatu eta ezartzea nahiko ohikoa da, duela urte batzuetatik, enpresetan eta izaera pribatuko beste erakunde batzuetan. Ez hainbeste administrazioaren eremuan; esku bateko hatzekin zenbatzen dira kalitate-ziurtagiri ofiziala lortu duten udal edo foru zerbitzuak eta hauetako bat Legazpi dugu.
Administrazio publikoan Kalitatea Kudeatzeko Sistema ezartzea funtsezkoa da kalitatezko kudeaketa bermatzeko, herritarra ardatz hartuta eta etengabeko hobekuntzara, gardentasunera eta kontuak ematera bideratuta.
Legazpiko Udalaren kasuan, funtsezkoa ikusi genuen barne-prozesuak erregistratu eta optimizatzeko, ezagutzaren transmisioa eta belaunaldien arteko erreleboa erraztuz.
Ekonomia eta Ogasun Zerbitzuak AENORen Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren ziurtagiria lortu zuen urte hasieran, ISO9001 Arauaren arabera.
Astelehenean, martxoak 4, 12:00etan, Gonzalo San Antonio AENOR-Euskadiko zuzendariaren eskutik jaso zen ziurtagiria Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan.