Legazpiko Udalak, Sorgintxulo taldearen gidaritzapean, haurren eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programa garatzen du. Jadanik 2 ekintza egin dira: Jolas kooperatiboak, otsailaren 3an, eta Txuri Urdinera irteera, otsailaren 17an, baina finkatuta dago urte osoko jardueren egitaraua.
Ekintzek helburu ezberdinak dituzten arren, oro har, honako helburuak lortzera bideratzen dira: euskaraz hitz egitea, ondo pasatzea, herriko beste haur eta gazteekin harremanak izatea eta arauak errespetatzea.
Euskara, Hezkuntza, Haur, Nerabe eta Gazteen udal-zerbitzuek eskatuta, Legazpiko Sorgintxulo aisialdi taldeak hamaika ekintza gauzatzen ditu herrian eta herritik kanpo urtean zehar, adin ezberdinetako haurrei eta gazteei zuzenduta, HHko 5. mailatik DBHko 4. mailara. Hala nola, Jolas Kooperatiboak, Ginkana, Pazko asteko irteera, Mirandaolara irteera, Uztakaleko jolasak, Trikornio txapelketa, Euskal Jolasen festa, Txuri Urdinera irteerak eta Lakiolara irteera.