Orain bi urte, udalak Arrasetan zuen pinudiaren 5 Ha moztu zituen, baso kudeaketa jasangarrirako planari jarraituz. Aurten, aurreko urtean hasitako zuhaitz landaketa berria bukatuko du, bertako basoa berreskuratzeko helburuarekin.
Horretarako enpresa bat kontratatu du beste 1500 haritz landatzeko asmoarekin, guztira 3.000 haritz landatuz.
Horretaz gain, azken hamarkadetako ohiturari jarraituz, herritar bolondresekin 100 zuhaitz landatuko ditugu: 50 mendiko haritz (Quercus petraea) eta 50 ametz (Quercus pyrenaica). Esan beharra dago, zuhaitz hauek Legazpiko basoetan jasotako hazitik sortutako landarea direla Gipuzkoako foru aldundiko basozainei esker.
Hitzordua, martxoak 3 igandean, goizeko 9.30tan izango da. Udaletxe aurrean elkartuko gara, Euskal herria plazan eta oinez igoko gara Mantxola auzotik Arraseta mendiraino. Eguerdi ingururako jaitsiko gara berriz herrira. Ekitaldian zehar Arantzadiko Joseba Garmendia naturzalearen azalpenak jasoko ditugu eta goian hamaiketako eder bat izango dugu zain.
Izen ematea beharrezkoa da ekintzan parte hartzeko, otsailak 29 baino lehen
Guztion artean bertako basoa berreskuratzeko aletxoa jarriko dugu, animatu parte hartzera!