Junetorri autobusa zerbitzutik kanpo egon da hilabetez, abiadura-kaxan izandako arazo baten ondorioz. Azkenean, ordezkatu egin behar izan dute autobus ofiziala.
Denbora horretan, CuadraBus enpresak, 2012az geroztik zerbitzua ustiatzen duenak, bere erreserbako ibilgailu batekin eman du zerbitzua, 2012az geroztik behin baino gehiagotan egin den bezala.
Udalak kontratuz eskatzen du baldintza hori, Legazpi ez dadin inola ere hiri-garraio zerbitzurik gabe geratu. Hori da lehentasuna.
Zehaztapen tekniko guztiak bete arren, erreserbako autobusaren prestazioak ez dira ohiko Junetorri autobusarenak bezalakoak. Horregatik, Udalak benetan sentitzen du denbora horretan herritarren aldetik arazoak eta kexak sortu izana. Jakitun gara.
Udalak zerbitzuaren kalitatea zaintzen du eta, besteak beste, jarraipen estua egiten die sortzen diren gorabeherei eta okupazio-mailari. Gainera, etengabeko azterketa egiten da ordutegiak optimizatzeko eta egon daitezkeen hobekuntzak aztertzeko. Ildo horretan, abuztuan zerbitzu-egunak luzatzeko lanean ari gara. Duela hilabete batzuk identifikatutako beharra da hori, eta laster emango dugu xehetasun gehiago.
Nabarmendu nahi dugu Legazpi dela 10.000 biztanletik beherako Gipuzkoako udalerri bakarra, udalerri osorako hiri-garraioko zerbitzu erregularra eskaintzen duena. Gipuzkoan, hiriburuaz gain, udalerri handienek soilik ematen dute hiri-zerbitzu propioa: Irun (62.920 biztanle), Errenteria (39.231), Eibar (27.234), Zarautz (23.152), Hernani (20.527), Lasarte-Oria (19.133), Bergara (14.487), Azkoitia (11.636), Oñati (11.567) eta Oiartzun (10.331).
Legazpiko Udalak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu argia egin du, eta horrela geratu da jasota 2024rako Junetorri zerbitzura bideratutako 200.000 euroko aurrekontuarekin. Etorkizunari begira mantendu egingo den apustua da.
Junetorri ibilbidea eta ordutegiak