Beste urte batez, Legazpiko udaleko Hezkuntza zerbitzuak, herriko ikastetxeekin elkarlanean, hitzaldi bat antolatu du “Kontsumoak eta nerabeak” izenburupean datorren ostegunean, otsailaren 1ean, 18:00etan Kultur Etxeko Areto Nagusian. Hizlaria Estibaliz Ansotegi Guruziaga da, Ortzadar Fundazioko programaren koordinatzailea.
Ekimen hau Arriskua Alkohola programaren barruan kokatzen da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioaren Zuzendaritzak ikastetxeetan aurrera eramaten duen prebentzio-programa da, herriko DBH-ko 4.mailako ikasleen geletan gauzatu zena. Zehazki, Haztegi ikastolan azaroaren 7an eta 8an eta Olazabal institutuan abenduaren 11n eta 15ean.
Hitzaldian honakoa landuko da: substantzien kontsumoen inguruko hausnarketa, beldur eta dudak landu, seme-alabekin gaia etxean nola landu, guraso bezala zer egin dezakegu eta kontsumoak detektatzeko pista batzuk.
Hitzaldian parte har dezakete gai honetan interesa dutenek. Dei berezia luzatzen zaie DBH-ko 4.mailako ikasleen gurasoei programa honetan parte hartu dutelako eta DBH-ko ikasleen gurasoei.
Izan ere, joan den ostegunean, urtarrilaren 25ean, Olazabal institutuko eta Haztegi ikastolako DBH-ko 2.mailako ikasleek Mimarte programan hartu zuten parte. Latxartegi aretoan ere beste saio bat eskaini zen gurasoentzat eta ikuslego orokorrarentzat.
Peter Robertsek mimoa, magia eta umorea erabili zituen ikasleek parte hartzera animatzeko eta alkoholaren kontsumoari buruzko gogoeta egiten laguntzeko. Zenbait egoeratan ikusi zuten zer kausa/ondorio harreman dagoen alkoholaren kontsumoko egoera batzuen eta pertsonen osasunaren eta arazo sozial batzuen artean.