Urtarrilaren 24an egin den herri-galdeketan, legazpiarren % 69k egin dute edukiontzien alde. Emaitza horiek ikusita, hondakinak gaika biltzeko atez ateko bilketa-sistema bertan behera uzteko hasierako urratsak ematen hasi gara.
Horretarako, herri-galdeketaren emaitzak jakinarazi dizkiogu Sasieta manko-munitateari eta atez ateko bilketa-sistema bertan behera uztea eskatu diogu. Modu berean, edukiontzien bidez hondakinak gaika biltzeko egungo sistema indartzeko zer egin daitekeen eta horretarako egon daitezkeen beharrak aztertzen ari gara.
Sasietako Zuzendaritza batzordeak Legazpik egin duen eskaera onartu ondoren, hauek izango dira eman beharreko urratsak:
1. Edukiontzi marroia zabaltzeko giltzak emango dizkiegu giltzarik ez duten Legazpiko familiei.
2. Esekitokiak kenduko ditugu eta edukiontziak jarriko ditugu bilketa-guneak osatzeko.
Azkenik, legazpiar guztien laguntza eskatu nahi dugu etxeetan hondakinak behar bezala bereizten jarrai dezaten eta edukiontzien erabilera egokia eta arduratsua egin dezaten.