Azaroaren 8an, igandea, Azaroan Musika zikloak Khami proiektuarekin jarraituko du. Ikuskizunak Carlos Sagi Khami proiektuaren zuzendaria (konposizioa, moldaketak, bateria eta perkusioa), Garikoitz Mendizabal Bilboko Txistulari Bandaren zuzendaria (txistuak, silbotea eta alboka), Iñaki Salvador (pianoa), Kike Arza (kontrabaxua), Iraide Ansorena (perkusioa) eta Luis Gimenez (gitarra) elkartuko ditu eszenatoki gainean.
Khami proiektua diska batekin gauzatu da, hala aipatu musikarien elkarnaren fruitua, 'Bazzque World Sounds' diskoa, aurkeztuko dute ikus-entzuleen aurrean. Urriaren 20an Donostiako Victoria Eugenian eta Azaroaren 2an Bilboko Euskaldunan aritu ondoren, Legazpin izango ditugu igandean, azaroaren 8an. Azaroan Musika Zikloko kontzertu guztiak bezala, emanaldia doakoa izango da, eta eguerdiko 13:00etan hasiko da Latxartegi aretoan.
Esperientzia musikal oso berezia da Khami. Askatasun handiz aztertzen ditu euskal kulturaren sustrai sakonenak eta benetakoenak, beste lurraldeetako folklorearekin alderatu, nahastuz. Euskal Herriko herri musikak eta folkloreak duen izaeran oinarrituta, proiektu honetan musika tresna ugari elkartzen dira (txistuak, danbolinak, albokak, perkusioa, pianoa, gitarrak, kontrabaxua...) goi mailako hainbat musikarik interpretatuta: Garikoitz Mendizabal, Iñaki Salvador, Carlos Sagi, Kike Arza eta Iraide Ansorena.
Helburu horiek lortzeko ahaleginean Carlos Sagi moldatzaile eta konpositorea da buru; bere ardura izan da sei lan original eta hiru euskal herriko kanta konposatu, ekoiztu eta zuzentzea. Euskal Herritik abiatuta, oso ibilbide interesgarria eta berezia egingo dute lehen aipatutako musikariek: errepertorio tradizionaletik hasi (Bautista Basterretxe, Akerra Ikusi Dugu edo Txirritaren Oriogarri) eta munduko beste hainbat lekutara joango dira (Brasil, Europako ekialdea, Asia...), XX. mendeko musika eta jazz berriena ere landuz.
Sormenezko ibilbide horretan, musika mota horien guztien elkarren arteko loturak eta sentimendu pertekatuak bilatzen ahalegintzen da Khami proiektua, esate baterako, lurrarekiko maitasuna, espiritualitatea edo kantuen handitasuna. Bizipen guzti hauek 'Bazzque World Sounds' deituriko taldearen lehen argitalpenean aurkituko ditugu.