18:30ean izango da, Gazte-txokoan bertan, eta gurasoek euren seme-alabekin lanean dabiltzan profesionalak ezagutuko dituzte
Datorren asteazkenean, urriak 21, Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuak 'Ate Irekien Eguna' egingo du, Gazte-txokoan bertan, 18:30ean, gurasoek zerbitzua bera eta euren seme-alabekin lanean dabiltzan profesionalak ezagutzeko aukera izan dezaten.
Nerabeentzako Zerbitzua, orain arte, Gazte-txokoa izenez ezagutzen genuen. Udaz gero berriro ere martxan den zerbitzu honek eskaintza zabala eskaintzen die 12 eta 18 urte bitarteko gazteei. Zerbitzuaren baitan, alde batetik, Gazte-txokoa dago; alegia, 12-16 urte bitarteko gazteentzat. Eta, bestetik, 16-18 urte dituzten gazteei zuzenduriko proiektua.
Berriro ere, ohiko ordutegia
Udan ordutegi berezia izan badu ere, Nerabeentzako Zerbitzua ohiko ordutegira itzuli da honezkero. Aurrerantzean, beraz, Gazte-txokoak zerbitzua eskainiko du asteartetik ostegunera, 16:30etik 19:00etara, eta ostiraletik igandera, 17:00etatik 20:30era. Astelehenetan, berriz, itxita egongo da.
Dena den, Gazte-txokotik kanpo ere izango da zerbitzurik. Kalean arituko dira, esaterako, asteartetan (19:00etatik 20:00etara) eta ostiral zein larunbatetan (16:00etatik 17:00etara). Eta Gizarte Sareetan, azkenik, asteazken eta ostegunetan (19:00etatik 19:30era) eta igandetan (16:30etik 17:00etara).