Bi motatako diru-laguntzak daude: Grabaketak egitekoak eta Aisialdiko prestakuntzarako direnak.
Legazpiko Udaleko Gazteria zerbitzuak zazpigarren urtez, herriko musika taldeentzat diru laguntzak eskainiko ditu. Aldi berean, bosgarren urtez, Aisialdiko prestakuntzarako diru-laguntzen deialdia ere egin du, hau da, Zuzendari edo Begirale ikastaroak egin duten legazpiarrentzat. Interesa dutenek urriaren 30era arteko epea izango dute eskaerak egiteko, udaletxean bertan dagoen Herritarrentzako Arreta Bulegoan.
Grabaketen diru-laguntzen helburua, hain zuzen, musikari legazpiarrei euren diskoa argitaratzen laguntzea da, eta horretarako, gehienez ere 1.000 euroko laguntza ematen zaie. Abestiek giza-eskubideen aldarrikapen unibertsala errespetatuko dute. Lehentasuna izango dute lehen aldiz eskaera aurkezten dutenek, baita euskaraz sortutako grabazioak ere. Elbereth (2009), Hartu arte (2010), Yerko Ortiz (2011), Doinua Musika Eskolako Big Band eta D-Pintxos (2012), One Way Rock, Vancouver eta Deaf Squad (2013) eta D-Pintxos eta Alaitasuna Errondaila (2014) taldeek jaso dute laguntza orain arte.
Aisialdiko prestakuntza
Bestalde, Gazteria zerbitzuak, 2013-2014 ikasturtean herritik kanpo aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa burutu duten herritarrentzako bekak ere emango ditu. Bekaren zenbatekoa matrikula prezioaren erdia izango da. Guztira hamaika gaztek jaso dituzte horrelako bekarik.