Legazpiko Udalak gure baserrien jarduera sustatu eta indartu nahi du eta, asmo eta helburu horrekin, Gipuzkoako Artzain Eguna eta jai horren inguruan antolatzen diren lehiaketa desberdinak, hala nola, ardi okela prestatzearena, gaztarena eta artzain-txakurrena, aztertzen hasi gara.
Lehenengo azterketaren ondoren, ekitaldi garrantzitsu horren ardatz nagusia Ardia dela ondorioztatu dugu. Horrezaz gain, Legazpik ekitaldi hori indartzen duten eta ardiarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk ere badituela ikusi dugu: Erreizabal baserriko Artzaintzaren Ekomuseoa edo gazta egileak.
Legealdi honetan sortu den Berrikuntzaren udal zerbitzu berrian Artzain Eguna indartuko duten ekimen berriak bilatzen saiatu gara eta ardiaren kofradia sortzea aukera paregabea izan daitekeela erabaki dugu Legazpi herriaren kokalekua indartzeko. Jakitun gara denok, izan ere, Legazpin olagizonen (burdina) eta artzainen (ardia) arteko harremanak herriaren historiaren zati handi bat hartu duela.
Ardiaren euskal kofradia sortzeko proposamena joan den irailaren 22an egindako Nekazaritza saileko bileran onartu zen eta ekimen horrek abere horiek ustiatzera dedikatzen diren baserriek egiten duten lana sustatu eta indartuko duela uste dugu.
Horregatik Legazpiko Udalak Ardiaren Euskal Kofradia erregistratzea eskatu du eta une honetatik aurrera estatutuak lantzeari eta kofradiaren barne-funtzionamendua arautuko duen araudia zehazteari ekingo diogu.