Oporraldi garaian, urte osokoa ez bezalako ordutegia izango dute hainbat udal zerbitzuk. Kultur etxeari dagokionean, Gazteentzako Informazio Bulegoak, ekainetik irailera bitarte, abuztuan etena eginda, goizez bakarrik eskainiko ditu ohiko zerbitzuak: 11:00etatik 13:30era.
Nerabe zerbitzua ekainaren 23tik uztailaren 23ra asteartetik ostiralera goizez egongo da irekita (11:00etatik 13:30era); asteburuetan eta astelehenetan, berriz, itxita egongo da, baita uztailaren 4an, ostirala, uztailaren 1etik 3ra Madrilera irteera egingo dutelako. Udako ekintza berezien artean, beste egunetan ere baliteke aipatutako ordutegia aldatu behar izatea. Uztailaren 9-10ean adibidez, gaubela bat egitea daukate aurreikusita.
Kultura zerbitzuak eta KZ Guneak ohiko ordutegia izango dute ekainean. Uztailean, berriz, goizez bakarrik izango dira: kultura zerbitzua, 10:00etatik 13:00etara, eta KZ Gunea, 09:00etatik 13:00etara, begiraleekin; eta 13:00etatik 14:00etara, begiralerik gabe. Bi zerbitzu horiek itxita egongo dira abuztuan, eta irailean, berriro ohiko ordutegiarekin hasiko dira.
Liburutegia, abuztuan ere irekita.
Liburutegia izango da datorren astelehenetik, ekainak 16, irailaren 5era etenik gabe irekita egongo den kultur etxeko zerbitzu bakarra (abuztua barne); 10:00etatik 14:00etara, hain justu. Arratsaldez itxita egongo da. Alabaina, ordutegi horretatik kanpo ere itzuli ahal izango dira maileguan hartutako dokumentuak (DVDak, liburuak, CDak...), kultur etxeko atarian dagoen postontzia baliatuta. Irailaren 8tik aurrera, ohiko ordutegia izango du berriro; alegia, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Kanpoko igerilekuaren irekiera.
Bestalde, ekainaren 14an irekiko dute Legazpiko kiroldegiko kanpoaldeko igerilekua, eta irailaren 7ra arte egongo da irekita. Hilabete bakoitzean ordutegi berezia izango du. Ekainean zein irailean, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita; larunbatetan, 10:00etatik 12:45era eta 15:30etik 20:00etara; eta igandetan, goizeko ordutegian: 10:00etatik 12:45era.
Uztailean eta abuztuan, bestalde, eguerditan ez da kiroldegia itxiko, eta kanpoko igerilekua 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita, asteko egun guztietan. Sarrerak 3,15 euroko prezioa izango du 18 urtez azpikoentzat, eta adinez nagusientzat, 5,20 eurokoa.
Abonuak ere har daitezke. 10 saiokoak 23,50 euroko kostua dauka, 18 urtez azpikoentzat, eta 39 eurokoa, 18 urtetik gorakoentzat. 3 hilabeteko abonuak, berriz, 42,50 eta 69,50 eurokoak, hurrenez hurren.