Eduardo Chillida eskultorearen jaiotzaren mendeurrena dela eta asko dira LENBUR Fundazioak Legazpiko Udalarekin elkarlanean antolatu dituen erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta abar. Oraingoan oso erakusketa berezia aurkezten dugu: Legazpitik mundura.
Erakusketa honen bidez, Legazpik Eduardo Chillida euskal eskultorearekin izan duen lotura eta burdinarekin duen lotura ezagutarazi nahi dugu. Chillida Paristik itzuli zen bere bide artistikoa aurkitzeko asmoz eta bilaketa horrek burdina lantzera eraman zuen. Bere ibilbide artistiko osoan zehar, material horrek erakarri zuen eta Burdin Haranera, Legazpira ekarri zuen. Eduardoren eta Legazpiren arteko harremana 50eko hamarkadan hasi zen eta bere bizitza artistiko osoan jarraitu zuen. Bere eskulturarik ospetsuena Haizearen Orrazia da, eta hura egiteko fabrikako ateak parez pare ireki zitzaizkion; izan ere, Patricio Echeverriak, Euskal Herriko siderurgia-enpresa garrantzitsuenetako baten jabeak, pabiloi bat prestatu zuen eskultura egin ahal izateko, eta, horrez gain, langile espezializatuen talde bat osatu zuen eta 25 tona altzairu oparitu zizkion Chillidari ametsa gauzatu ahal izateko.
Baina Legazpin amets gehiago bilakatu ziren errealitate: Alrededor del Vacío V, Música III, Puerta de la Libertad, Elogio al Hierro, Toki-egin, beste askoren artean. Eskultura horiek mundu osoko plaza eta museoetan daude eta erakusketa honekin eskultura horien kokalekua erakutsi nahi dugu: Washington, Santiago, Chillida Leku-Hernani, Dallas, etab. Hau da erakusketaren izenburuaren arrazoia, Legazpitik Mundura.
Inoiz ez zen eskultura bera errepikatzen, eta guztietan izan zen erronka berriren bat, proiektu berriren bat, honela, egitura eta labe bereziak egin ziren, teknika berriak esperimentatu ziren… Eskultura horiek nola sortu ziren jakiteko, fabrikatik lortutako dokumentazioa eta, batez ere, Eduardorekin eskuz esku lan egin zuten langileen testigantzak izan dira oinarri.