Irailaren 7a, larunbata, egun oparoa izan zen Sustraiak Dantza taldearentzat, Zarauzko Aurresku txapelketan eta Donostiako Euskal jaian ere presente egon zirelarik legazpiarrak
Lehenik Zarauzko XXXVI. Aurresku txapelketan (Gipuzkoar erara) taldeko 3 dantzarik parte hartu zuten: Amaia Azpeitia, Irati Olaizola eta Naroa Sanchez lehiatu ziren, bakoitzak 3 dantza interpretatu zituelarik (Soinu zahar bat, Desafioa eta Zortzikoa). Hiruek lan bikaina egin zuten.
Ondoren eta arratsaldean Donostiako Euskal Jaien barruan Gipuzkoako Dantzarian Biltzarrak antolatutako “Juan Ignazio Iztueta 1824-2024” emanaldian parte hartu zuten dantzariek. Trinitate plazan eskainitako emanaldi hau Juan Ignazio Iztuetak 1824. urtean argitaratutako "Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira" liburuaren 2. mendeurrena ospatzeko antolatu zen. Bertan, Donostiako Udal Txistulari Bandarekin, Aurresku Txapelketetan dabiltzan hainbat dantzariekin, Eskola eta Goizaldi Dantza Taldearekin batera, Sustraiak Dantza Taldeko 15 dantzariek Soka Dantza, Soinu Zaharrak, Brokel Dantza, Makil Handiak, Zinta Dantza, Jorrai Dantza eta Belauntxingoa dantzatu zituzten.
Zinta Dantza 4,50 metrotako makilarekin dantzatu zuten legazpiarrek, Legazpin maiatzaren 3an dantzatzen duten bezala. Ordubete iraun zuen emanaldiak bertaratuen txalo zaparrada handia jaso zuelarik, legazpiarren presentzia nabarmena izanik.