Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Lurraren taupadak

Lurraren taupadak

Legazpiko herria eta lehen sektorea, gure baserriak eta lurrari lotutako lana mendeetan zehar elkarrekin joan diren kontzeptuak dira, gure izaera bera osatzen dutenak. Gure iragana eta gaur egungo gizartea ulertzeko, ezinbestekoa da gure sustraiei, lurra lantzen duten esku elkartuei eta gure paisaia zein komunitatea eratzen lagundu duten lanbideei begiratzea. «Legazpiren aztarnak» proiektuaren bidez, udalerriko hainbat horma eta espazio publiko leiho bihurtu nahi ditugu, gure nortasuna eta historia herritarrengana zein bisitariengana hurbiltzeko.

Topagunea, zaintza eta gure lurraren oinarria

Azoka elkar ikusi, elkar zaindu eta elkarrizketak sustatzen diren espazio horietako bat da. Pasabide bat baino askoz gehiago da: topo egiteko eta bizitza partekatzeko lekua. Landu, saldu, erosi eta jan... prozesu sinple eta eguneroko bat dirudienak etxe bat, familia bat, auzo bat, herri bat eta eskualde oso bat sostengatu ditu mendez mende.

Hiri-mural honetan lehen sektorea, gure baserriak, zaintza-lanak eta jasangarritasuna plazaren erdigunera ekarri nahi izan ditugu. Ogia, gazta, esnea, baratzeko lana eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakituria dira gure komunitatearen bizigarri.

Testuinguru horretan, bereziki nabarmendu nahi dugu emakumeek baserri munduan historian zehar izan duten funtsezko eginkizuna. Lurra lantzen eta baserriko jardueretan parte hartzeaz gain, etxeko, familiako eta belaunaldien arteko zaintza-lanen ardura nagusia hartu izan dute maiz. Askotan ikusezin geratu den lan horri esker, baserrietako eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa sostengatu ahal izan dira, eta gizonek beste nekazaritza eta abeltzaintza lan batzuetan aritzeko aukera handiagoa izan dute.

Gaur egun, rol horiek aldatzen ari diren honetan, garrantzitsua da emakumeen ekarpen historikoa aitortzea eta balioan jartzea, zaintza-lanak guztion ardura direla azpimarratuz. Izan ere, gure baserrien historia ulertzeko, ezinbestekoa da lurra landu duten eskuak ez ezik, bizitza eta komunitatea sostengatu dituztenak ere aintzat hartzea.

Horregatik, lehen pareta hutsa zen espazio hau gure lurraren emariari, gure baserritarrei eta gure komunitatearen nortasunari egindako omenaldi bizia da orain. Iraganeko jakituria eta lana aitortzearekin batera, berdintasunean, zaintza partekatuan eta jasangarritasunean oinarritutako etorkizunari begiratzen dion murala da.

Muralaren fitxa:

  • Izenburua: Lurraren taupadak
  • Proiektua: Legazpiren aztarnak
  • Egileak: Deltadec, 2026ko iraila
  • Kokapena: Legazpiko Azoka
  • Tematika: Lehen sektorea, baserria, azoka, elikadura-burujabetza, emakumeen ekarpen historikoa, zaintza-lanak eta jasangarritasuna.

Ikus beheko argazki galeria eta bideoa muralaren sorkuntza-prozesua gertutik ezagutzeko.