Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Ereindakoa, Landutakoa, Eraikitakoa

Ereindakoa, Landutakoa, Eraikitakoa

Legazpiko herria eta burdina mendeetan zehar elkarrekin joan diren bi kontzeptu dira, bereiztezinak. Gure iragana ulertzeko, ezinbestekoa da gure sustraiei eta gure paisaia eratzen lagundu duten lanbideei begiratzea. «Legazpiren aztarnak» proiektuaren bidez, udalerriko hainbat horma eta espazio publiko leiho bihurtu nahi ditugu, gure nortasuna eta historia herritarrengana zein bisitariengana hurbiltzeko.

Gure historiaren eta nortasunaren gune

Gure historia egunero gogoratzen laguntzen digun mural baten aurrean gaude.

Hiri-mural honetan Mirandaola lanez lepo irudikatu nahi izan dugu, ahalik eta modurik errealenean. Burdina, sugarrak, lana, argia eta iluntasuna... horiek guztiak batera izan zirelako mendeetan zehar Legazpiko egunerokotasunaren oinarri. Mirandaolako olagizonen jardunak eta Urolaren urak bultzatutako gabiek moldatu zuten gure herriaren izaera ekintzaile eta industriala.

Gaur egun, gure industriak beste begirada bat du: modernoa, indartsua eta herrira zein mundura konektatuta dagoena. Horregatik, lehen pareta hutsa zen espazio hau gure tradizioari, gure langileei eta gure komunitatearen nortasunari egindako omenaldi bizia da orain. 

Muralaren fitxa:

  • Izenburua: Ereindakoa, Landutakoa, Eraikitakoa
  • Proiektua: Legazpiren aztarnak
  • Egileak: Deltadec, 2025eko abuztua
  • Kokapena: Kale Nagusia (Eliza ondoan)
  • Tematika: Mirandaola burdinola, olagizona eta Legazpiko burdinaren historia

Ikus beheko argazki galeria eta bideoa muralaren sorkuntza-prozesua gertutik ezagutzeko.