Olamendi Eskolan Ikaslab espazioa egokitzeko obrak hasi dira

Legazpiko Udalak Olamendi Eskolan Ikaslab espazio berria egokitzeko obrei hasiera eman die.
Obrak datorren ikasturtearen hasierarako amaitzea aurreikusten da, ikasleek espazio berria lehen egunetik erabiltzeko aukera izan dezaten.
Ikaslab berriak ia 160 metro koadroko azalera izango du. Espazioaren zatirik handiena erabilera anitzeko gune ireki bat izango da, ikaskuntza kolaboratiboa, sormena eta proiektuetan oinarritutako lana sustatzeko diseinatua.
Horrez gain, espazioaren barruan beirazko itxiturez bereizitako bi gune espezializatu egongo dira: Kromaren gunea, ikus-entzunezko edukiak sortzeko eta grabatzeko prestatua, eta Irrati gunea, ahozko komunikazioa, podcastak eta irrati-proiektuak garatzeko baliabideak izango dituena.
Lanak Antio enpresak egingo ditu, eta obra 165.548,47 euroko aurrekontuarekin esleitu da. Inbertsio hori posible izan da Eusko Jaurlaritzako Udaleraiki 2026 programari esker. Udalak inbertsioaren %60-a jasoko du, nahiz eta oraindik hitzarmena sinatu gabe dagoen.
Inbertsio honen bidez, Legazpiko Udalak hezkuntza-berrikuntzaren aldeko apustua indartu nahi du, ikasleei teknologia, sormena eta lankidetza uztartzen dituen ikaskuntza-ingurune moderno eta malgua eskainiz.