Legazpiko nerabeek uda ahaztezina bizi dute Nerabeentzako Zerbitzuaren jarduerekin

Legazpiko nerabeek uda ahaztezina bizi dute Nerabeentzako Zerbitzuan antolatu diren jardueretan eta, batez ere, egindako irteeretan. Gasteizko Kartingera joan dira (ekainaren 25ean), Seignosseko akuaparkera (uztailaren 2an) eta Donostiara padela egitera (uztailaren 8an).
TREBA Nerabeak programaren barruan, sexualitateari buruz hausnartu dute Ageda Blasco trebatzailearekin (ekainaren 26an). Eta ohi bezala, ostiral batean (uztailaren 17an) Nerabeentzako Zerbitzuaren Eguna ere ospatu dute, azokan postu bat izanik, pintxoak banatuz.
Bestalde, agurretarako lekua ere egon da, Nerabeentzako Zerbitzuaren ibilbidea ixteko asmoz, Batxilergoko 2.mailako taldeak azken jarduera Donostian egin du (uztailaren 10ean); eta, tartean, hilabete osoan zehar ere ez da askaririk edo bazkaririk falta izan oporretara joan aurretik.
Hezitzaileen taldea irailaren 2an itzuliko da berriro. Hasierako lehenengo egunetan, oporren ondorengo hartu-emanetan murgilduko dira Gizarte sareetan eta kalean; eta irailaren 9an eta 10ean Gazte-txokoa zabalik egongo da ohiko ordutegian. Agorreko Santikutzak pasa eta gero, irailaren 16an ohiko ordutegian irekiko da berriro, lanegunetan zein asteburuetan.
Ondo pasa oporretan eta bueltan Nerabeentzako Zerbitzuan izango gara 11 eta 17 urte bitarteko gazteekin kalean, gizarte sareetan eta Gazte-txokoan lan egiteko prest!