Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Udako eskaintza Nerabeentzako Zerbitzuan: Karting, Aquapark eta Padel Surf. Izen-ematea ekainaren 17an eta 18an Gazte-txokoan

2026/06/16
Udako eskaintza Nerabeentzako Zerbitzuan: Karting, Aquapark eta Padel Surf. Izen-ematea ekainaren 17an eta 18an Gazte-txokoan

Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuan prest dute uda honetako eskaintza. Horretarako, maiatzeko azken astetan, Gazte-txokoan eta sare sozialen bidez nerabeen nahiak jaso dira. Orokorrean, ekintza “potenteak” nahi dituzte eta Zerbitzuak berak dituen helburuak kontuan hartuz, ekainaren 24an hasi eta uztailaren 17an amaituko den programa prestatu dute.

Hiru irteera antolatu dituzte: ekainaren 25ean Gorbeia Big Karting-era, uztailaren 2an Seignosse (Frantziako) aquaparkera eta uztailaren 8an Padel Surf eta Donostiako hondartzara egun pasa joango dira. TREBA Nerabeak programaren barruan, ekainaren 26an tailer bat izango dute, sexualitatea: elkar zaindu, elkar errespetatu izenburupean, Ageda Blasco trebatzailearen eskutik.

Nerabeentzako Zerbitzua Ingurune Ona izan dadin, hau da, ingurune segurua, babeslea eta tratu onekoa, zenbait hausnarketa egin dira nerabeekin. Horregatik, ekainaren 24an, iaz hasitako lanari amaiera emango zaio eta nerabe talde batek Gazte-txokora sartzeko atea margotuko du.

Uztailaren 17an, ostirala, Nerabeentzako Zerbitzuaren Eguna ospatuko dute, ohi bezala, azokan postu bat jarrita eta uztailaren 10ean Batxilergoko 2.mailakoen agur-ekintza izango da.

Izen-ematea eta ordutegia
Irteeretan parte hartzeko izen-ematea ekainaren 17an eta 18an 17:00etatik 19:30era egin daiteke Gazte-txokoan. Horretarako, gurasoen baimena eta dirua eraman beharko da. Frantziako Seignosseko irteeraren kasuan, gurasoek epaitegian (Saturnino Telleria kalea 1) edo Ertzaintzan atera beharko duten onespen-baimena ere aurkeztu beharko da. Baimen hori aurkezteko azken eguna ekainaren 24a izango da.

Hegialdeko festetatik Agorreko Santikutzak festetara arteko asteburuetan, hau da, ekainaren 13tik irailaren 13ra bitarteko larunbat eta igandeetan ez da Nerabeentzako Zerbitzurik eskainiko. Eta aste barruan, erabat aldatuko da, aipatutako udako jarduerak direla eta. Hori dela eta, jarraian programa azalduko dugu, egunero zer dagoen jakiteko.