Gosari osasungarriak, ikastetxeetan eta nutrizioari buruzko hitzaldia, Kultur etxean

Haurren obesitatea prebenitzeko asmoz, beste urte batez, herriko ikastetxeetan "Elikadura osasungarria" saio interaktiboa aurrera eraman da, DBHko 1.mailako ikasleei zuzenduta, otsailaren 6an, Haztegi ikastolan eta otsailaren 20an Olamendi institutuan.
Saioak bi zati izan ditu. Lehenengo zatia teorikoa izan da, gose motak zer diren eta osasuna zaintzeko hainbat irizpideren inguruko azalpenak eman dira. Bigarren zatian aldiz, ikasleei bertako produktu eta elikagai osasungarriz osatutako gosari osasungarria eskaini zaie, ingurumena eta bertako kontsumoa sustatzeko asmoz.
Hala, Legazpiko Udalak Bertatik Bertara ekimeneko Legazpiko Makatza baserriko ogia, Urretxuko Agerre baserriko jogurtak eta Zumarragako Agerre baserriko intxaurrak eskaini ditu. Horiez gain, sagarrak, mandarinak eta ahuakateak eskaini ditu. Haztegi ikastolak eta Olamendi institutuak esnea, kakaoa, olioa, marmelada eta tomate birrindua jarri dute.
Ekimen hori eragile ezberdinen arteko elkarlanari esker gauzatzen da, hau da, Osakidetzako Goierri-Urola Garaiako ESIko "Haurren Obesitatearen Lehen Mailako Prebentzioa" BPSO lantaldea, Osasun Zentroa, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Olamendi BHI, Haztegi ikastola eta Legazpiko udala.
Programa honekin bat eginez, Osakidetzako nutrizio-arloak familiei eta, oro har, herritarrei zuzendutako hitzaldi bat eskainiko du. Otsailaren 26an, ostegunean, 18:00etan, Kultur etxeko areto nagusian. Hitzaldiaren izenburua honakoa da: Filtrorik gabeko nutrizioa. Bertan parte hartzera animatzen zaituztegu, zalantzak argitzen lagunduko baitute.