KORRIKA 2026. Zatoz Legazpiko kilometrora!

Aurten Korrika Legazpitik igaroko ez bada ere, gure herriaren euskararekiko konpromisoa inoiz baino biziago dago. Ibilbidea gure herritik ez pasatzearen inguruan AEKri kexa formala helarazi ondoren, Legazpiko Korrika Batzordeak, Udalarekin elkarlanean, herritarren parte-hartzea bermatzeko urratsa eman du.
Helburu horrekin, Korrikako kilometro bat erostea erabaki da, legazpiar guztiek elkarrekin korrika egin eta euskararen aldeko atxikimendua agerian uzteko aukera izan dezaten. Aukera paregabea izango da herritar guztiek ekimen kolektibo honetan parte hartu eta euskararen erabilera eta garrantzia aldarrikatzeko.
Hitzordua Urretxurako sarrerako biribilgunean izango da, 8:10ean, bertan emango baitzaio hasiera kilometro berezi honi.
Kilometroa: 2846
Udaletik herritar guztiak animatu nahi ditugu kilometro honetan parte hartzera; izan ere, egunerokoan euskara bizirik mantentzeko egiten dugun ahalegin partekatuaren islada da. Korrika lasterketa bat baino askoz gehiago da: komunitatea, kultura eta konpromisoa adierazten ditu.
Egin dezagun korrika euskararen alde!