ZER DA BULARRETIK MINTZORA?
Bularretik Mintzora egitasmoa kanpaina sistematizatu bat Bularretik Mintzora izateko bokazioz jaio da. Haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago. Bere helburu nagusia da 0-6 adin tarteko haurrengan irakurketa ohiturak sustatzea gurasoekin eta haien hezitzaileekin, beren ingurune naturalean: etxean, eskolan eta liburutegian, hain zuzen. Egoitza hauetan, giro irakurle bat sortzeko bideak jorratu eta modu natural batean irakurtzeko, kontatzeko eta entzuteko ohitura sustatu.
ZERGATIK BULARRETIK MINTZORA?
Haurrek jaiotzen direnetik gauza asko behar dituzte modu egokian garatzeko: inguruarekin komunikatu (bere gurasoekin, zaintzaileekin...), errealitatea pixkanaka ezagutu eta horretan segurua sentitzea eta beste hainbat eta hainbat. Baina, behar horiek asetzeko, haur txikiek oraindik ez dituzte garatuak trebetasun kognitiboak, ezta hizkuntz trebetasunak ere gauzak eskatu eta adierazteko, honek aprendizai luze bat eskatzen du.
Haur txiki horren beharrei aurre egiteko, bere inguruko helduek, "altxor" preziatu bat daukate. Hau modu egokian erabiltzen badute, ondorio magikoak sortuko ditu haurraren adimena, hizkuntza eta emozioak garatzeko eta haiekin lotura afektibo sendo bat finkatzeko ere.
Altxor hori, Irakurketa da. Haur txiki batek dasta dezake altxor horretatik baldin eta bere heldu horiek "Irakurtzen ematen" badiote, jaten ematen dioten bezalaxe. Lehendabizi eta behin, irakurketaz ari garenean adin hauetan, testu eginak komunikatzeaz ari gara; beste modu batean esanda, testu jakin batez baliatzeaz komunikatzeko. Lehen hilabeteetan sehaska kantak abestuz, errima xume eta goxoak xuxurlatuz, irudi sinple batzuk eskainiz. Geroago, "irakurtzen ematea" ipuin bat kontatzea da edota poesia bat irakurtzea eta harekin jolas bat egitea. Orduan, Irakurketa bera eta ipuina bera, oinarrizko behar batean bilakatzen dira haurrarentzat, errealitatea ezagutzeko estimulu anitzak eskaintzen dizkiolako, bere zentzumen guztiak suspertuz.
Zentzu honetan "Irakurtzen ematen" diogunean, haurraren garapen intelektuala, emozionala, soziala eta hizkuntzarena estimulatzen ditugu. Horrez gainera, emozionalki ongi sentiaraziko diogu bere tentsioak lasaitzen dituelako, bere beldurrak uxatzen dituelako, ipuinak berak "sentiarazten" diolako eta gozamena sentitzen duelako berak maite duen heldu horrekin momentu goxo, zoragarri eta magiko bat pasatuz.
Zergatik ematen dira onura guzti horiek?. Sehaska kantu bat abesten dugunean, poesia bat irakurtzen ari garenean, marrazki bat haurraren aurrean jartzen dugunean edo ipuin bat kontatzen dugunean, haurraren maila psikologiko eta afektibo berean komunikatzen ari garelako; hau da, irudimenaren, fantasiaren, errealitatearen, posibilitatearen, keinuen eta hitzen joko mailan jartzen garelako alegia.
Lehenengo hilabete eta urteetan, errealitatearekin harremanak izateko, haurrak dituen komunikatzeko tresna nagusiak zentzumenak, mugimendua, erritmoa eta jolasa dira, batik bat. Tresna horiek aurkitzen ditu irakurketaren eta kontaketen bidez heltzen zaizkion istorio txikietan, errimetan eta jolas erritmikoetan, nagusiek beren istorio txikiekin ematen dizkion irakurketetan.
Beste aldetik, haur txiki horri "irakurtzen ematen" diogunean, komunikazio afektibo bat sortzen da bera eta bere helduen artean. Gertakizun hau erabakigarria da lotura afektibo bat finkatzeko. Lehenengo urteetan komunikazio hau zentzumenen bidez ematen da (hitza, ukimena, begirada, keinua,...). Gero, irakurketa eta idazketaren aprendizaiarekin, beste bide bat zabaltzen da komunikazioan. Baina, heldu baten laguntza eta "presentzia" ezinbestekoa da komunikazio hori burutzeko.
Hizkuntzari begiratzen badiogu berriz, hau ingurua erakusteko, "hau mahaia da" esateko bakarrik irakasten bada, erabat formala izango da, eskolarako bakarrik erabiliko da, eta behar afektiboak beste nolabait adierazi beharko ditu haurrak (batez ere nerabezarora iristean), gaztelaniaz edo ingelesez.
Baina psikologoek garbi erakutsi digute gure jokabideak batez ere bizipen afektiboek eta emozionalek gidatzen dituztela. Hor dago, bada, koxka: haurrak txiki-txikitandik hizkuntza afektiboaren beharra du, beraren behar nagusiak asetzeko hizkuntza afektiboa eskaini behar zaio batez ere. Eta hizkuntza afektibo hori mendeetan zehar bildurik, ondurik eta sustraiturik dauka poesiak, hala poesia herrikoiak nola jasoak.
BULARRETIK MINTZORA LEGAZPIN
Udal Liburutegian Liburu maleten mailegua 2009 urteaz geroztik abian dago. Bazkide den edonork izango du aukera maletak etxera maileguan eraman ahal izateko.
Hitzaldiak eta Ikastaroak. Denak 2010. urtean gauzatu dira. Juan Kruz Igerabide poetak haur literatura eta hizkuntza afektiboaren arteko loturaz ihardun zuen eta Juan Carlos Alonso psikologoak, haurraren garapenean irakurketak duen garrantziaz solasean aritu zen.
Ikastaroak ere bi izan ziren, bata Pello Añorgak eskeinia "Haur txikiei nola kontatu, kantatu..ipuinak" ikastaroa.
Bigarren ikastaroa Itziar Zubizarretak eskeini zuen "Haur literatura sistematizatu eskola curriculumean" gaiarekin. Honako hau hezitzaileei eta haur literatura eta hezkuntza ikasleei zuzendua egon zen. 2010-2011 kurtsoan haur literatura programak ezartzen hasi dira ikastetxean eta 2011-2012 kurtsoan motxila txikien zirkuitoa martxan jarri da.
GEHIAGO JAKITEKO
Egitasmo hau erabat berria da Euskal Herrian. AEB-etan, Britainia Handian, Italian, Suedian eta Katalunian egindako antzeko egitasmoen ildo berean dago. Ekimen guzti hauek haurren osasuna kontzeptu orokor eta oso gisa hartzen dute kontuan. Izan ere, frogatua dago txikienen osasunean literaturak eta irakurketa ozenak berebiziko garrantzia dutela: ipuin eta istorio txikien bitartez, abesti eta esku-jolasen bidez ... zuzenean konektatu daiteke haurren munduarekin eta beraien beldur eta sentimenduekin.
Gurera ekarri dugunean, epe desberdinak eta estrategia propioak markatu beharko ditugu, beste herrialdeetan egin den bezalaxe, gure beharrei erantzun nahian. Pausoz pauso, saiatuko gara aurrera ateratzen egitasmoa, gure herrian irakurzaletasuna bultzatzeko modu eraginkor batean.
Kontutan hartu behar izan dugu agian beste herrialde batzuetan halako garrantzia ez duten hizkuntzaren degradazioarekin zer ikusia duten elementuak. Izan ere azken berrogei urte hauetan, egitura literarioen transmisioan eten nabarmen bat suertatu da; lehen etxeetan gauzatzen zen transmisio hori ez da egiten; gurasoek ez dituzte egitura horiek ezagutzen eta etxeetan errelebo hori teknologiaren esku geratu da. Galera horrekiko kontzientzia berri bat piztu nahi dugu eta, aldi berean tresnak eskaini haurren ondoan dauden helduek tradizioko literatur egiturak ezagutu eta haien erabilpena bultzatzeko.
Labur bilduz, bi alor jorratu nahi ditugu egitasmo hau eskaintzen dugunean: batetik kalitatezko literatur testuak eta bestetik, haurrarekin kontaktuan dauden guraso eta hezitzaileen formazioa.
ESKURA DAGOEN MATERIALA (UDAL LIBURUTEGIAN, WEB ORRIAN, ...)
BULARRETIK MINTZORA liburu-diskoa, Itziar Zubizarretak zuzendu, Elena Odriozolak ilustratu eta Aurélio Edler Copések musikatu du. 0 eta 6 urte bitarteko haur txikien guraso eta hezitzaileentzat bideratuta dago.
Haiek kantatzeko, kontatzeko, jolasteko eta esateko eredu garbiak eskaintzen dira liburu disko honetan, guraso eta irakasleek joko horiek ikasi eta haurrekin ahots bizian erabiltzeko. Bestalde, musikak ez du hizkuntza estaltzen, ezta kadentzia bortxatzen erritmo arrotzak inposatuz. Egitura hauek tradizioak guri ekarri dizkigun modura daude moldatuak, hizkuntzaren sena gordez.
CD-liburu honetan, literatur tradizioaren galerari aurre eginez, sehaska kantak, esku jolasak, eta abar bildu ditugu; eta haurren irakurketa ohiturak sustatzeko, hezitzaile eta gurasoentzako tresna egoki bat moldatu dugu beren haurrekin erabili ditzaketen jolas, kanta eta ipuinak ezagutzeko. Ezaugarri antzekoak dituzten beste liburu-disko hauek ere aipatu nahi ditugu: SASI GUZTIEN GAINETIK eta JOLAS-MOLAS.
GOMENDIOZKO FOILETOAK
Aurkezpenak: Bertan agertzen zaio irakurleari haur txikiei jaiotzez “irakurtzeak” duen garrantzia bere garapen osoan.
Gurasoak: foileto txiki honetan, gurasoei gomendio praktikoak ematen zaizkie, beren haurrekin egunero gune berezi bat sortu eta harekin aritzeko kantari, irakurtzen edota poesiak esan eta ilustrazio duten liburuei begira.
Irakasleak: Gomendio praktikoz beteriko foileto txiki bat da hau.
Liburu zerrenda: Bibliografia praktiko honetan, liburu zerrenda anitza eskaintzen zaie guraso nahiz irakasleei. Haurrek bakarrik erabiltzeko liburuak, gurasoek haurrei irakurri eta erakusteko liburuak, etxean edukitzeko moduko liburuak. Adinen garapenari ere begiratzen zaio; 0-3 urte bitarteko liburuak eta 3-6 urte bitartekoentzat. Liburu zerrenda honek aldatzen joan beharko du eta gomendiozko foiletoak ugaritzen.
LIBURUEN MALETAK
Liburuz beteriko 6 maleta osatu dira, liburutegitik etxeetara mailegu gisa eramateko. Maleta guztietan, liburu aproposak eskaintzen ditugu etxean begiratu, irakurri, entzuteko eta jolasak egiteko. Maleta bakoitzean, "Bularretik Mintzora" liburu-CD bat sartu dugu, eta gomendiozko foiletoak.
Material hau urtez urte berritzen joango gara aukera desberdinak eskainiz, liburutegietako fondoak astindu eta haur liburu onak ezagutzera emateko pixkanaka haur liburuaren inguruko kultura zabaltzeko. Maleta horietako batzuk hiru eta sei urte bitarteko haurrentzat dira, eta besteak zero eta hiru urte bitartekoentzat.
MOTXILA TXIKIAK
Parte hartzen duen eskolako gela bakoitzak motxila bat du. Astean behin, haur batek hartu eta, bere inguruko helduen laguntzaz, bibliotekara joango da nahi duen liburua aukeratzera.Liburu hori etxera eramango du eta hurrengo egunean eskolara.
Gelan aste betez edukiko dute liburu hori eta behin eta berriz ikusiko dute astean zehar. Hurrengo astean, beste gelakide batek aurreko liburua itzuliko du liburutegian, bere gustuko bat aukeratu, eta zirkuitua berriz martxan jarriko du: liburutegia, etxea, eskola lotuz.
WEB GUNEA http://www.bularretikmintzora.org Bertan, gaiari loturiko interesezko hainbat informazio aurkitzeko aukera izango da.
Artikuluak, bibliografia desberdinak, ez gain, hainbat informazioez gain.
Gomendioak, proposamenak, saio eredugarrien komentarioak.
Blog bat, iritziak eta eztabaidak zabaltzeko...
BULARRETIK MINTZORA
IRAKURZALETASUNA SUSTATZEKO KANPAINA
PRENTSA AURREA
Legazpi, 2009ko abenduaren 3a. 2011ko urrian gaurkotua
Itziar Zubizarreta.- GALTZAGORRI ELKARTEA-