Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Paper-fabrika zaharraren eraldaketan aurrera goaz, zarata, lurzoruak eta uholde-arriskua aztertzeko hiru funtsezko azterlanekin

2026/09/16
Paper-fabrika zaharraren eraldaketan aurrera goaz, zarata, lurzoruak eta uholde-arriskua aztertzeko hiru funtsezko azterlanekin

Legazpiko Udalak aurrera egiten jarraitzen du Patrizio Elorzaren instalazio zaharrak eraldatzen. Plan horrek 200 etxebizitza inguru eraikitzea, esparru hori berroneratzea eta ibaiertza herritarrentzat berreskuratzea aurreikusten du.

Une honetan, Legazpiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenari hasierako onespena emateko dokumentua idazten ari da profil anitzeko talde bat. Aldi berean, Udala hainbat azterlan tekniko egiten ari da eremuaren ezaugarrietara egokitutako antolamendu bideragarria definitu ahal izateko.

Espazio konplexua da, eta hainbat baldintzatzaile ditu, etorkizuneko eraldaketa zehaztu aurretik aztertu beharrekoak. Horien artean daude trenbidearen hurbiltasuna, lurren iragan industriala eta ibaiaren ondoan kokatzearen ondoriozko uholde-arriskua.

Hori dela eta, Udala funtsezko hiru esparrutan ari da lanean: zarata, lurzoruen egoera eta bideragarritasun hidraulikoa.

Azterlan akustikoa

Trenbidea hurbil dagoenez, beharrezkoa da bizitegi-garapenaren baldintza akustikoak berariaz aztertzea. Horretarako, Udalak Ekolur kontratatu du Legazpiko zarata-mapa eta zonakatze akustikoa berrikusteko.

Azterlanak ezarriko ditu, besteak beste, etorkizuneko antolamenduak barne hartu beharko dituen neurriak, eremuaren ondotik doan trenbidearen zaratak sor ditzakeen eragozpenak arintzeko.

Udala, gaur egun, egindako dokumentua aztertzen ari da, hasierako onespenari ekiteko.

Kontratu honen zenbatekoa 13.612,50 eurokoa izan da, BEZa barne.

Lurren kutsadura aztertzea

Patrizio Elorzaren instalazio zaharrek kutsagarriak izan zitezkeen industria-jarduerak hartu zituzten. Horregatik, industria-erabilerako lurzatiak bizitegi-erabilerara eraldatzeko, aldez aurretik dagozkion ingurumen-azterketak eta -izapideak egin behar dira.

Testuinguru horretan, Udalak Ekos, Ingurumen Azterlanak enpresari esleitu dio eremuaren azterketa historikoa egitea, 5.082 euroren truke.

Lan horri esker, historikoki lursailetan egindako jardueren ezagutzan sakondu ahal izango da, eta lursailen erabilera-aldaketan aurrera egiteko beharrezkoa den dokumentazioa egiteko oinarria izango da.

Ibaia berreskuratzeko aukera bat, uholde arriskua kontuan hartuta

Ibaiaren ondoan kokatzea da proiektuaren erronka nagusietako bat, baina baita bere aukera handienetako bat ere.

Eremuak uholde-arrisku handia du, eta, beraz, aldez aurretik zehaztu behar da noraino irits daitekeen eraldaketa eta zer baldintzatan.

Horretarako, Udalak Salaberria Ingenieritza kontratatu du bideragarritasun hidraulikoari buruzko azterlan bat egiteko. Helburua da bizitegi-eremu berri bat garatzeko aukerak behar besteko oinarri teknikoarekin baloratzea, ingurumena hobetzeko, ibaiak berreskuratzeko eta uholde-arriskua murrizteko irizpideak txertatuta. Hori guztia Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren zehaztapenekin bat etorriz egin beharko da. 

Azterlanaren zenbatekoa 17.545 eurokoa da.