Artzain Eguna ospatuko da irailaren 6an eta ekintzaz beteriko eguna izango da

Datorren irailaren 6an, igandea, Artzain Eguna ospatuko da Legazpin, eta egun osoan zehar artzaintzarekin, gaztagintzarekin eta bertako produktuekin lotutako askotariko ekintzak izango dira herrian.
Goizeko egitaraua 10:00etan hasiko da postuen irekierarekin. Aurretik, 9:45etik 10:30era, Gipuzkoako Artzain Gaztaren lehiaketan parte hartuko duten gaztak jasoko dira, eta 11:00etan hasiko da Gipuzkoako Artzain Gaztaren 42. Lehiaketa. Ordu berean, haur eta gaztetxoentzako gaztagintza tailerra, herritarren sariaren gazta dastaketa eta Legazpi Musika Bandaren kalejira izango dira.
11:30ean sagardo dastaketa irekiko da eta, 12:00etan, gazteek osatutako epaimahaiak parte hartuko du Gazta Lehiaketan. Ordu berean, Baztarrika baserriko ardi okelarekin egindako hanburgesa txikiak banatuko dira, eta 12:15ean ardi mozketaren erakustaldia egingo da.
Eguneko une berezietako bat 13:00etako artzainei omenaldia izango da. Aurten, artzain amerikarren artean Juan Carlos Olasagasti eta Miguel Taberna lesakarrak omenduko dira, eta baita Orortegi baserriko Iñigo Eizagirre ere. 13:30etik aurrera egingo da sari banaketa.
Goiz osoan zehar haur jolasak egongo dira, eta Elustondo anai-arrebek trikitixarekin girotuko dute eguna. Horrez gain, Euskal Herriko Latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa, Artzai Gazta elkarteko kideen gazta salmenta, sagardo dastaketa eta artisauen erakusketa eta azoka izango dira udaletxearen aurrealdean.
Gogoratu baserritar jantzia jartzea eta gure Photocolarekin argazkia ateratzea. Ondoren, gure instagramera argazkia bidali eta kuadrilan gozatzeko bazkari bat zozktatuko da.
Aurtengo Artzain Egunak, gainera, zintzarriei protagonismo berezia emango die, artzaintzaren egunerokoan historikoki izan duten eta gaur egun oraindik duten garrantzia balioan jartzeko asmoz.
Teknologia berriek artzainei abereak lokalizatzeko aukera berriak eskaini dizkieten arren —GPS sistemak, esaterako—, zintzarriak artzainen lanerako tresna baliagarria izaten jarraitzen du. Ardiak eremu zabal edo malkartsuetan daudenean, zintzarriaren soinuak haiek aurkitzen laguntzen du; era berean, artaldea banatzen denean, ardiek elkar kokatzeko ere balio du.
Tradizio horren balioa ezagutarazteko, zintzarri erakusketa berezia antolatu da. Bertan, Gipuzkoako zintzarrigile Josu Aizpuruk zintzarriak egiteko prozesua erakutsiko du, artisau-lan horren nondik norakoak herritarrei gerturatzeko. Horrez gain, zintzarriekin lotutako jolasak ere egingo dira.
Horrela, Artzain Egunak artzaintzaren tradizioari eusteaz gain, belaunaldi berriei ofizioarekin lotutako elementuak eta jakintzak ezagutarazteko aukera eskainiko du. Zintzarria, makila eta txakurra artzainaren lanarekin estuki lotutako elementuak dira oraindik ere.
Eguerdian, 14:30ean, herri bazkaria egingo da Aitxuri jatetxean.
Arratsaldean ere izango da zer ikusi. 17:30ean, Urtatzako zelaian, “urtegirako bidean”, Gipuzkoako 57. Euskal Artzain Txakurren Lehiaketa egingo da. Sei artzainek parte hartuko dute: Aitor Tato ataundarrak Fidel eta Sua txakurrekin, Jose Mari Bengoa oñatiarrak Argirekin, Jesus Mari Plazaola arrasatearrak Batekin, Jabier Zubiaurre mutrikuarrak Listarekin, Jose Martin Tolosa tolosarrak Bururekin eta Mikel Calderon urretxuarrak Suarekin.
Legazpiko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu Artzain Egunaz gozatzera eta artzaintzaren, gaztagintzaren eta lehen sektorearen inguruko tradizio eta kultura gertutik ezagutzera.
Mila esker Artzain Egunaren antolaketan parte hartu duzuen norbanako eta elkarte guztiei, eta baita Josu Alzelai argazkilariari ere, bideo eder hau egiteagatik!