Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Igerileku txikiaren ordutegia luzatuko dugu hilaren 26, 29 eta 30ean, beroari aurre egiteko

2026/06/25
Igerileku txikiaren ordutegia luzatuko dugu hilaren 26, 29 eta 30ean, beroari aurre egiteko

Azken egun hauetan jasaten ari garen tenperatura altuak direla eta, Udalak igerileku txikiaren ordutegiak berrikusi eta zerbitzua luzatzeko lanketa egin du. Urte hasieran diseinatutako egutegian ekainean igerileku txikia irekitzea jasotzen ez bazen ere eta langileen txandak horren arabera antolatuta egon arren, ahalegin handia egin da egungo egoerara egokitzeko. Lanketa honi esker, nahiz eta nahi izan den guztia ez lortu, gutxienez hiru egunetan zerbitzua zabaltzea bermatuko da, ohiko ordutegiari lau ordu gehiago gehituz:

  • Egunak: Hilak 26, 29 eta 30.
  • Ordutegi berria: 13:00etatik 17:00etara ere zabalik jarraituko du.

Aldiz, asteburuan ezinezkoa izan da luzapen hau gauzatzea. Zerbitzua esleituta duen enpresak zailtasun handiak izan ditu sorosleen egutegiak epe laburrean moldatzeko edota pertsonal berria lortzeko. Kontratazioak egiteko ezintasun honen arrazoi nagusia 2026ko urtarrilaren 1ean 8/2022 Legea indarrean sartu izana da , Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa. Lege honen arabera, sorosleek titulazio ofizialak izan behar dituzte eta orain arte onartzen ziren diploma eta ziurtagiri ez-ofizialek balioa galdu dute. Aldaketa honek ekarri du lanerako prest zeuden sorosle asko aukerarik gabe geratzea eta erakunde gehienek zailtasunak izatea titulu ofizialdun sorosleak kontratatzeko, lan-merkatua soroslerik gabe geratu baita.

Osasun Saila agindu berri bat prestatzen ari da egoera hau zuzentzeko, baina neurri hori ez da izango uztaila baino lehen.