
Hiruko formatuan Maizter bere azken lana aurkeztuko digu Maite Larburu euskal musikari eta sortzaileak, abenduaren 12an, Latxartegi Aretoan.
Maizter hau maizter askok habitatzen dute. Soila, soinu naturalistez betea, Larburu bere estudio propioan grabatu du atmosfera etxekoiagoa jaso asmoz. Hemen, gitarra klasikoa, ahotsa, biolina eta soinu organikoak, txori, erreka, baso, haize, auto, garabi eta auzoen zaratarekin bizi dira, folk progresiboa deitu litekeen zerbait sortuz, estilorik finka baliteke. Entzute abiapuntua eta Larbururen kokapena orbitan ibiliko dira, musika orain hemendik, gero handik sumatzen dela. Diskoa igarotzeko gune bat izango baita: kantu batean sartzen zarenean beste hainbat eremutara irtengo zara, eta buelta atzera; nor noren maizter den jakin beharrik gabe.
MAITE LARBURU
Maite Larburu soinu-artista da eta beste diziplinetako artistekin kolaboratzen du biolin jotzaile, abeslari edota konpositore moduan. Biolin ikasketak ildo klasikoaren eskutik jaso ondoren antzinako musikan espezializatu zen Amsterdamen eta bertatik mundu osorantz egin zuen salto Europako talde historizista esanguratsuenekin batera.
Bitarte guzti horretan, Larburu bere musikagintza hornituz joan da eta rol, bide eta genero desberdinetatik gurutzatzen du musika, inoiz entzun ez den baina betidanik hor egon den soinu-unibertso bat irudikatu nahian.
Zeregin horretan hainbat disko saritu sortu eta eskaini ditu EH-n barna (Ura patrikan, Hau, Hezurren azpian, Krak). Azken urteetan arte eszenikoekin izan du lotura antzezle zein musika sortzaile moduan (Amua, Hondamendia) eta egun konpositore bezala ere lanean dihardu filmgintzan (Erreplika), zein podkast formatuetan (Holobiontea, De eso no se habla).
Latxartegi Aretoko emanaldian honakoak izango ditugu oholtza gainean:
Maite Larburu (ahotsa, gitarra, biolina), Karlos Arancegui (bateria), Carlos Taroncher (klarinetea)
Sarrerak aurrez salgai, https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ loturan.
Sarrerarik geratzen bada, Abenduaren 12an bertan, aretoko leihatilan jarriko dira 19:00etan. Sarreren prezioa: 10€takoa izango da.