Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
 iCal fitxeroaren moduan deskargatu

"Telleriarte berriz ere" Liburuaren aurkezpena

Bestelakoak
Igandea, 21 Ekaina 2026 – Igandea, 21 Ekaina 2026
12:30 – 13:30

Burdinola Elkarteak argitaratu duen liburu honen aurkezpena egingo da ekainaren 21ean, igandea, Telleriarteko San Joan jaien lehen egunean.

Egilea: Felix Ibargutxi, Jose Luis Ugarteren zuzendaritzapean.

‘Telleriarte berriz ere’, Legazpiko auzo honi buruzko historia-liburua da. Burdinola elkarteak eman du argitara eta, era honetara, herriko etxe eta familiei buruzko liburu sorta bati amaiera ematen zaio,  Elbarrena, Egialde eta kale aldea.  Lehenagotik ‘Brinkola gogoan’ (1999) zegoen. Gainera, hor zegoen 1994ko ‘Telleriarte etxez etxe’ liburua ere, oraingo liburu berri honen aurrekaria. Herri gutxi izango dira historia hurbila ezagutzeko horrenbeste liburu dutenak.

Eduki guztia bi hizkuntzatan eskaini da, euskaraz eta gaztelaniaz. Motxorron hasi eta Udana bitarteko etxeen gaineko azalpen historikoak dakartza liburuak. Etxez etxe dago egituratuta eta honako atal hauek ditu: Udana (besteak beste, alemanen etxea); Albitxuri (Elortza eta Saletxe aldea); San Joan (Elorregi, Erraizabal-eta); Telleriarte (Korkostegi, Esaizal, Pastain-eta); Zatuierreka (Zelanda eta Zatui aldea); eta Mirandaola (Markastegi eta Sanmigeletxeberri ere tartean).

Beste atal batean, desagertutako etxeei buruzko informazioa dakar; etxe asko dira, hogeitik gora, hala nola, Markastegierrota, Mendiola, Zatuibenta eta San Migelgo beataetxea.

Guztira 400 orrialdeko argitalpena da, hainbat argazkiz eta zenbait mapaz hornitua. Atarikoa Jose Luis Ugarte ikerlariak idatzi du, non auzoari buruzko hainbat datu historiko ikus daitekeen, asko eta asko ezezagunak.