Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Ezagutu Antton eta Anttoni: LEK konpartsak Legazpiko erraldoien historia kontatzen du

2026/03/10
Ezagutu Antton eta Anttoni: LEK konpartsak Legazpiko erraldoien historia kontatzen du

Legazpiko LEK konpartsak ikerketa lan zabala egiten ari da herriko erraldoi eta buruhandien historiaren inguruan. Helburua da urteetan zehar pertsonaia hauek izan duten ibilbidea aztertzea eta informazio hori guztia herritarrei pixkanaka ezagutaraztea, gure erraldoiak hobeto ezagutzeko aukera eskainiz.

Ikerketak hainbat alderdi jasotzen ditu: erraldoien lehenengo aztarnak noizkoak diren, noiztik dantzatzen diren herrian, zeinek dantzatu izan dituen urte hauetan guztietan, baita jantzien, margoketen eta bestelako xehetasunen bilakaera ere.

Lan honen emaitzen lehenengo pintzeladak jada ikusgai jarri ditu konpartsak. Proiektuaren hasiera Antton eta Anttoni osatzen duten lehenengo erraldoi bikotearekin egin dute. Bi pertsonaia hauei buruzko informazioa LEK konpartsaren lokalaren erakusleihoan ikus daiteke.

Konpartsak jakinarazi duenez, hilabetero erraldoi desberdinen inguruko datu eta istorio berriak aurkeztuko dituzte. Gainera, prozesu honetan zehar sorpresa gehiago ere prestatu dituzte herritarrentzat.

Ez galdu aukera Antton eta Anttoni gertutik ezagutzeko eta hurbildu ekonomatora!