Bla, bla, bla… Liburuak hankaz gora Haurrentzako irakurketa kluba hirugarrenez antolatuko da 2026-2027 ikasturtean. Izen ematea ekainetik aurrera

Haurrentzako irakurketa kluba irakurzaletasuna sustatzeko jarduera bat da. Irudimena eta sormena sustatzea du helburu eta talde-dinamiken bidez, baita lexikoa eta adierazpen-moduak hobetzea ere. Horrekin guztiarekin, haurra gehiago sozializatzen da, eta, ondorioz, inguruarekin hobeto komunikatzen da.
Lehen ikasturtean LH3 eta LH4ko ikasleak aritu ziren, mailaka bi taldetan. Joan den ikasturtean talde bakarra osatu dute, LH4 eta LH5eko ikasleek, hala lehen ediziokoen jarraipena bermatuz.
Hirugarren aldi hau, 2026/2027 ikasturtean LH4, LH5 eta LH6 mailetan ibiliko diren haurrentzat dago zuzendua.
Liburuekiko, irakurketarekiko, kulturarekiko, artearekiko eta istorioekiko grinak ardaztuko ditu saioak. Hain zuzen ere, grina hori bizirik mantentzea izango da helburua. Desaktibatuta dagoen kasuetan berriro pizteko bidea marraztuz.
Letren harietatik jolastuz eta liburuak, poemak, komikiak, aho-korapiloak eta eskulan-literarioak aitzakia hartuta, irakurmenari (eta zeharka idazmenari, ahozkotasunari eta literaturari) kili-kili egingo diogu.
Irakurketa (eta liburua bera) plazer iturri bezala ulertzeko jolas andana burutuko dituzte.
Datorren ikasturtean ere Mireia Delgado izango da saioen gidari eta saioak euskaraz izango dira.
Izen ematea Liburutegian egingo da ekainetik aurrera eta parte hartzea doakoa da. Informazio gehiago telefono honetan eskuratu ahal izango da: 943737186.
