Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpik mendien kudeaketa jasangarria eta tokiko elikadura-sistema indartzeko urrats berria eman du

2026/11/12
Legazpik mendien kudeaketa jasangarria eta tokiko elikadura-sistema indartzeko urrats berria eman du

Udalak eta Arrobiko ganaduzale elkarteko abeltzainek, Goimen, MIK-ekin eta Gomiztegiko kooperatibarekin elkarlanean, hesi birtualaren bidezko artzaintza sustatu dute. Lehen urratsean, 50 ahuntzi lepoko bereziak jarri dizkiete.

Legazpiko Udalak mendien kudeaketa jasangarria eta tokiko abeltzaintza uztartzeko ekimena jarri du martxan. Elkarteko abeltzainen 50 ahuntzi hesi birtualeko lepokoak jarri dizkiete. Gailu horiei esker, abereak aurrez zehaztutako eremuetan bazkatu ahal izango dira, hesi fisikoak instalatu beharrik gabe.

Mendien zaintza, abeltzaintza eta elikadura

Orain arte, Udalak baliabide ugari bideratu ditu mendiko sastrakak kentzera. Ahuntzek, bazkatzean, sastrakak eta bestelako landaredia jaten dituzte; horren bidez, mendia mantentzeko lanen zati bat modu naturalean egitea eta gastuak murriztea bilatzen da.

Ekimenak, ordea, mantentze-lanetatik haragoko ikuspegia du. Harrobi proiektuaren lan-ildoarekin bat eginez, mendiko erabilera tradizionalak eta naturaren zaintza uztartzea du xede. Abeltzaintza-jarduera indartzeak tokiko elikadura-sistemaren etorkizunari ere lagun diezaioke: mendia zaintzen duten abeltzainek elikagaien ekoizpenean ere badute eginkizuna.

Teknologia, abeltzainen zerbitzura

Hesi birtualak bazkalekuak modu malguagoan antolatzeko aukera ematen du, eta abereen jarduera mendiko eremu bakoitzaren beharretara egokitzen lagun dezake. Horrela, berrikuntza teknologikoa abeltzaintzaren eguneroko lana errazteko tresna bihurtzen da.

Erabakiak, elkarlanean

Legazpiko Udala da proiektuaren sustatzailea, eta abeltzainekin zein gainerako eragileekin koordinatzen du ekimena. Goimen landa garapenerako elkarteak aholkularitza teknikoa ematen die abeltzainei. MIKek gobernantza-eredua eta merkatu-azterketa lantzen ditu eta Gomiztegiko Kooperatibak ere parte hartzen du animalien ongizateren jarripena egiten.

Proiektuari buruzko erabakiak parte hartzen duten eragile guztiek elkarrekin hartuko dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du ekimena, Elikadura Misioaren barruan.