Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpik nerabezaroan ongizate emozionala sustatzeko programa pilotua jarriko du abian

2026/03/16
Legazpik nerabezaroan ongizate emozionala sustatzeko programa pilotua jarriko du abian

Legazpiko Udalak, Gaztedi elkartearekin eta herriko hezkuntza eragileekin elkarlanean, “Ongizan” programa jarriko du martxan herriko nerabeen ongizate emozionala sustatzeko. Proposamena Legazpiko Hezkuntza Mahaian antzemandako beharrei erantzuteko sortu da, eta herriko ikastetxeetan garatuko da. Zerbitzu pilotu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioari esker jarriko da martxan Legazpin.

Programa Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleei (LH6-DBH2) zuzenduta dago, hau da, 11 eta 13 urte bitarteko nerabeei. Ikastetxeetan lau saiotan egingo diren tailerren bidez, osasun mentaleko profesionalek gazteekin landuko dituzte emozioen kudeaketa, harremanak, estresa edo arrisku-portaeren prebentzioa bezalako gaiak.

Ekimenak, gainera, familiei eta hezkuntza-komunitateari ere arreta berezia eskaintzen die. Horretarako, guraso eta tutoreentzako saioak antolatuko dira, nerabezaroaren ezaugarriak eta gatazken kudeaketa lantzeko; eta irakasleentzako prestakuntza-saioak ere eskainiko dira, ikasleen egoera emozionalak identifikatzeko eta laguntza egokia emateko tresnak indartzeko.

“Ongizan” programaren helburua da nerabeei erresilientzia eta ongizate emozionala garatzeko tresnak eskaintzea, baita familiei eta hezkuntza-komunitateari orientazioa ematea ere. Ikasturtearen  amaierara arte garatuko den egitasmoak, gainera, komunikazio-kanal desberdinak izango ditu: gurasoentzako telefono bidezko arreta, irakasleentzako posta elektronikoa eta gazteentzako Instagram bidezko kontsulta anonimoak.

Ekimen honen bidez, Legazpiko Udalak azpimarratu nahi du nerabezaroa bizitzako etapa erabakigarria dela, eta komunitate osoaren inplikazioa beharrezkoa dela gazteen ongizate emozionala sustatzeko.