2026-2027 ikasturteko eskola-materiala erosteko laguntzak atera dira

Legazpiko Udalak eskola-materiala erosteko dirulaguntzen deialdi berria onartu du. Laguntzak 2026-2027 ikasturtean Legazpiko ikastetxeetan Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) matrikulatutako ikasleen familiei zuzenduta daude.
Laguntza hauen helburua familiei eskola-materiala erosteko gastuetan laguntzea da, eta, aldi berean, udalerriko saltokietan erosketak egitea sustatzea.
Nork eska ditzake laguntzak?
Laguntza hauen onuradun izan daitezke, baldin eta beren ardurapean dituzten ikasleek honako baldintza hauek betetzen badituzte:
- 2026-2027 ikasturtean Lehen Hezkuntzan edo DBHn ikasten aritzea Legazpiko ikastetxeren batean.
- 2025-2026 ikasturtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren material didaktikorako beka baten onuradun izana.
Zenbatekoak dira laguntzak?
Ikasle bakoitzeko gehieneko dirulaguntza honako hau izango da:
- 80 euro, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
- 100 euro, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleentzat.
Emandako laguntzak ezin izango du justifikatutako gastuaren zenbatekoa gainditu.
Zer gastu lagunduko dira diruz?
2026ko uztailaren 1etik urriaren 10era bitartean (biak barne) Legazpiko saltokietan eskola-materiala erosteko egindako gastuak lagunduko dira diruz.
Diruz lagundu daitezkeen materialen artean daude, besteak beste, papergintzako eta idazmahaiko materiala, koadernoak, testuliburuak, motxilak, estutxeak, kalkulagailuak, eskolako batak, Gorputz Hezkuntzarako kirol-arropa eta -oinetakoak, betaurrekoak edo lentillak (graduatutako lenteak) eta tabletak.
Nola eta noiz aurkeztu behar dira eskaerak?
Eskaerak Legazpiko Udaleko Erregistroan aurkeztu beharko dira, dagokion eskaera-eredua beteta eta erosketa-tiketak edo erosketa-frogagiriak erantsita.
Eskaerak aurkezteko azken eguna abenduaren 9a izango da.
Familia bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu beharko du, baldintzak betetzen dituzten seme-alaben kopurua edozein dela ere.