Emakume eta Nesken Zientziaren Egunak Legazpi aktibatu du, ikaskuntza, ginkana eta tailerra berdintasunarekin uztartuz

Emakume eta Nesken Zientziaren Nazioarteko Egunaren harira Legazpiko Udalak hainbat jarduera antolatu zituen joan den astean, zientzia-arloan ibilbide profesionala egin duten emakumeak ikusgai jartzeko eta oraindik ere irauten duten estereotipoak hausten laguntzeko.
Jarduera horietako bat hezkuntza zentroetako ikasleei zuzendutako ginkana izan zen, otsailaren 9an, 10ean eta 11n egin zena. Olamendi eskolako eta Haztegi ikastolako Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleek parte hartu zuten, bai eta Olamendi institutuko DBHko 2.mailako eta Haztegi ikastolako DBHko 1.mailako ikasleek ere.
Jarduerarako, herriko 28 saltokik beren erakusleihoak apaindu zituzten emakume zientzialarien irudi inspiratzaileekin. Denda horiek bisitatuz, legazpiar gazteenek zientziaren emakumezko erreferenteak ezagutzeko aukera izan dute. Horrela, hainbat helburu lortu dira: Legazpiko dendak eta eskaintzen dituzten produktuak ezagutzen zituzten bitartean, emakume zientzialariaren izenak eta lanbideak ikasten zituzten eta, aldi berean, jarduera fisikoa egiten zuten.
Taldeka, informazio guztia plano batean osatu zuten, eta ginkanaren galderei erantzun zieten. Ondoren, Kultur etxean aurkeztu zituzten.
Ginkanan parte hartu zuten ikasle guztien artean zozketa bat egin da, eta sarituak izan direnek Latxartegi aretoko hurrengo kultura-ikuskizunetarako sarrerak lortu dituzte:
- Lehen Hezkuntzakoentzat: Euskarazko Haurrentzako antzerkia: Mamuak ezagutzera joan zen umea. Anodino teatrokoa. Martxoaren 1ean, igandea, 12:00etan
- DBHkoentzat: Euskarazko antzerkia: Bostok bakarrizketak. Otsailaren 21ean, larunbata, 19:30ean.
Talde sarituak honako hauek dira: - Olamendi eskolako LHko 5.maila: Jon, Pablo eta Mamia
- Haztegi ikastolako LHko 5.maila: Enara, Manex, Ibai, Ane eta Eire
- Haztegi ikastolako DBHko 1.maila: Aimar, Joan, Aadiy eta Iker
- Olamendi institutuko DBHko 2.maila: Xiker, Ibon, Luken eta Aritz
Bukatzeko, ginkana egin dutenek “Emakume kimikarien” tailerrean ere parte ahal izango dute. Tailerra larunbatean izango da, otsailaren 21ean, 16:30etik 18:30era, Kultur etxean. Behin izena emateko epea amaituta, 17 lagunek parte hartuko dute.