Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

2025ean jaiotakoentzako ongietorri ekitaldia otsailaren 21ean, Agirre-Etxeberrin

2026/02/14
2025ean jaiotakoentzako ongietorri ekitaldia otsailaren 21ean, Agirre-Etxeberrin

Otsailaren 21ean, larunbata, Legazpiko Udalak ekitaldi berezia egingo du 2025ean jaiotako legazpiarrei eta haien familiei ongietorria emateko. Elkar topatzeko, emozioak partekatzeko eta gure herriaren parte diren bizitza berrien etorrera ospatzeko unea izango da.    

Eguerdiko 12:00etan elkartuko gara Agirre-Etxeberrin, eta minutu batzuk eskainiko dizkiogu omenaldi xume baina sentitu honi, maitasun handiz prestatutako sorpresaren batekin. 
   
Ekitaldi honek oroitzapen eta laguntza-gune ere izan nahi du. Horregatik, 2025ean jaio eta edozein arrazoirengatik hil ziren haurtxoak dituzten familiak ere gonbidatzen ditugu, Legazpiko komunitate osoaren besarkada eta errekonozimendua senti dezaten. Ekitaldia dela eta Izpien txokoa otsailaren 21ean goizez itxita egongo da. Arratsaldean, normaltasunez irekiko da.  

Ospakizun egun honetarako keinu berezi bezala, Legazpiko parrokiako kanpaiek "Aurtxoa Seaskan" euskal doinu tradizionalarekin joko dute. Sehaska kanta hau, euskal kulturan oso errotuta dagoena, kanpandorretik 11:45ean eta 12:45ean izango da entzungai, 2025ean jaiotako haurrei omenaldia eta ongietorria egiteko ekitaldiaren aurretik eta ondoren, topaketa musikalki laguntzeko eta bizitza berrien etorrerari keinu sinbolikoa egiteko.    

Jaiotza bakoitzak arrastoa uzten duelako eta familia bakoitza gure herriaren parte delako.