Zorionak Ikatza Argazki Elkarteari!

Legazpiko Udalak zorionak eman nahi dizkio Ikatza Argazki Elkarteari, Euskal Herriko Herriz Herri 2025 Argazki Rallyen Txapelketan lortutako emaitza bikainagatik. Txapelketako puntu gehienak eskuratuta, Ikatzak elkarte onenaren garaikurra Legazpira ekarri du, udalerri osoarentzat harrotasun iturri bihurtuz.
Herriz Herri Argazki Rallyen Txapelketa urtean zehar Euskal Herriko hainbat herritan egiten diren rallyez osatua dago. Proba bakoitzean, parte-hartzaileek denbora mugatuan argazkiak egin behar dituzte, gai eta baldintza zehatzak betez. Lortutako emaitzek banakako zein taldeko puntuak ematen dituzte, sormena, teknika, azkartasuna eta talde-lana uztartzen dituen lehiaketa zorrotza bihurtuz. Euskal Herriko argazkigintzaren panoraman erreferentziazko hitzordua da.
Aitortza hau elkartea osatzen duten kideek egunez egun egiten duten lan etengabe, isil eta konprometituaren emaitza da. Ahalegin kolektibo honi esker, Ikatza bizirik, hazten eta aurrera egiten ari da, bere kideen dedikazioari esker.
Sailkapen indibidualean, makilaren irabazlea Gorka Gomez izan da, legazpiarra eta Ikatza Argazki Elkarteko kidea, Ruben Caceres-ekin batera puntutan berdinduta exequo, txapelketa bikaina burutu ondoren. Zorionak merezitako aitortza honengatik. Era berean, azpimarratzekoa da Gurutze Langarika argazkilari legazpiarrak lortutako emaitza bikaina: txapelketako bigarren argazkilari sarituena izan da, eta seigarren postua eskuratu du Herriz Herri rallyen ligako sailkapen orokorrean. Hamargarren postua Mikel Bravo legazpiarrak eskuratu du. Hartara, lehen hamarren artean hiru Ikatza Argazki Elkarteko hiru legazpiar sailkatu dira.
Ikatza Argazki Elkartea Legazpiren izena goi-goian eramaten ari da, argazkigintza, talde-lana eta komunitatearen espiritua sustatuz. Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu egindako lanagatik eta zorionak Legazpi harro sentiarazteagatik.
Zorionak guztiei!
