Uztailaren 3an Katxalin Eguna ospatuko da Legazpin

Legazpiko Katxalin Elkartea bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa duten emakumeei laguntza eskaintzen dien Elkartea da. Oraingoan, Katxalin elkarteak, Iker Azpeitia txistulariarekin batera, elkartearen helburuarekin “bat egitera” dei egiten diete Legazpiko herritarrei eta datorren ostegunean, uztailak 3, ospatuko den Katxalin egunerako antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera.
EGITARAUA
- 17:30ean, eskulanak Kale Nagusian
- 19:00etan, 1. kalejira: zaharren egoitzatik Kale Nagusira
- 19:00etan, 2. kalejira: Bikuña plazatik Kale Nagusira
- 19:30ean, hainbat emanaldi Elizondo taberna parean: bertsolariak, dantzariak, dultzaineroak, erraldoi eta buruhandiak, txistulariak, Trikitilariak eta musikariak.
- Hori guztia Sorgintxulo aisialdiko taldeak eskainiko dituen txistorra-pintxoekin lagunduta. Bildutako dirua, Biogipuzkoarentzat eta haren ikerketa-taldearentzat izango da.
Egun horren helburua herritarrak bularreko minbiziaz eta mamografien bidez egiten diren azterketa medikoen garrantziaz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea da, sendatze-tasa altuak azpimarratuz eta ekintza sinpleen bidez autozaintza sustatuz.
Gizarte Ongizateko zinegotzi Nerea Lopez de Herediak Katxalin elkarteak bularreko minbiziari aurre egiten dioten emakumeei babesa eskaintzeko eta bularreko minbizia ikusarazteko eta sentsibilizatzeko ahaleginean egiten duen lan izugarria azpimarratu nahi izan du.
Katxalin elkartearekin lankidetzan jarraituko dutela adierazi du, haien proiektu osoa babestuz eta ematen duten laguntzari, erakusten duten enpatiari eta zabaltzen duten informazioari balioa emanez.
Era berean, eskerrak eman dizkio Iker Azpeitiari ekitaldi honen antolaketan izan duen inplikazio eta konpromisoagatik.
