Urtatzako 44 plazako behin-behineko aparkaleku berria erabilgarri egongo da gaur arratsaldetik aurrera

Legazpiko Udalak, gaur arratsaldetik, 44 autorentzat behin-behineko aparkaleku berria jarri du erabilgarri, doan, Urtatzako inguruetan aparkatzeko dagoen arazoari erantzuna emanez. Aparkalekua automobilentzat bakarrik denez, ezin izango da furgonetarik, karabanarik edo kamioirik aparkatu, haien pisuak zorua honda dezakeelako. Lurkide SL enpresa jabeak lagatako espazioa erabilgarri egongo da datozen urteetan, bertan garapen posible bat egin arte. Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu konponbide hau martxan jartzeko enpresak eskaini dituen erraztasunengatik.
Ekimen hau, aktiboki entzutearen eta egoera aztertzearen ondorioz sortu zen, inguruko bizilagunen eskaera nagusietako bat aparkalekua baitzen. Eskari horren aurrean, alkatea, obren arloko arduraduna dena ere, lurraren jabearekin harremanetan jarri zen, eta hark doan laga du haren erabilera. Udalak bere gain hartu ditu egokitze-lanak, 50.000 euroko inbertsioarekin. Prozesu honetan, gainera, geratu den tamaina handiko lurrezko euste-horman belarra landatuko da, estetika hobetzeko eta ingurunea naturalizatzeko. "Aparkaleku berri honekin bi arazoei aurre egiten zaie: batetik, aparkaleku arazoari 44 leku gehiagorekin; eta, bestetik, orain okupatuta dauden eremuak liberatzen dira, hirigintzako beste erronka batzuei aurre egiteko aukera emanez", esan du Eric Galvez alkateak.
Bestalde, Josu Galilea Mugikortasuneko zinegotziak neurriaren garrantzia azpimarratu du: "Behin-behineko aparkaleku hau ez da behin betiko irtenbidea, baina bai berehalako eta beharrezko urratsa aparkatzeko zailtasun handienak dituen eremuetako baten presioa arintzeko. Ildo honetan, eta udalerri osoan mugikortasuna hobetzen jarraitzeko, laster Aizkorri eta Bikuña aldeetan aparkalekuaren arazoari aurre egiteko konponbideak jarriko ditugu martxan; izan ere, egun dauden premiez gain, gogoratu behar da datozen hilabeteetan hasiko dela Aizkorri kaleko obra".
Hurrengo lanak Urtegialden
Aldi berean, Udalak prest du Urtegialdeko proiektua, Urtatzako iturriaren aurreko txaleten gunea, eta datozen hilabeteetan lizitatu eta obrak hastea espero du. Aparkaleku horrek 33 plaza gehiago izango ditu auzoan. Enpresa jabearekin hainbat bilera egin ondoren, herriko alkatea akordio batera iritsi zen, eta horren arabera, udal gastu bakarra urteko OHZ ordaintzea izango da, 387,21 eurokoa, hain zuzen ere.