Urriaren 13, 14 eta 16an etorkizunerako erabakiak hartzen laguntzeko tailerrak Kultur etxean, gazteei eta familiei zuzenduta

Datorren astean, Eukene Gontan Aranok, Ekintzailetzan eta Psikologian adituak, tailer ezberdinak eskainiko dizkie nerabeei, gazteei eta familiei, bizitzarako trebetasunak lantzeko.
Alde batetik, TREBA Nerabeak programaren barruan, DBHko 4.mailako ikasleek etorkizuneko erabakiak hartzeko prozesuan, autoezagutzak eta norberaren bokazioak duen garrantziaz hausnartzeko aukera izango dute. Bi orduko tailerra eskola-orduetan egingo da Kultur etxean. Olamendi institutuak urriaren 13an eta Haztegi ikastolak urriaren 14an.
Bestalde, TREBA Gazteak programaren barruan, Batxilergoko 2. mailako ikasleekin lan-munduan sartzeko garrantzitsuak diren zeharkako gaitasunak landuko dira. Saioak urriaren 16an izango dira Kultur etxean, 9:00etan Olamendi institutua eta 12:00etan Haztegi ikastola.
Aipatutako bi programekin bat eginez, Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen zerbitzuak tailer bat antolatu du 12-17 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzat. Gurasoei informazioa eta baliabide praktikoak eskaintzea da helburua, etorkizunean seme-alabei lagun diezaieten haiek egin beharreko aukeraketa modu kontziente, positibo eta eraginkorrean egin dezaten. Tailerra Kultur etxean egingo da urriaren 16an, 18:00etatik 20:00etara.
Legazpiko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuak bultzatu ditu programa horiek guztiak, herriko ikastetxeekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzarekin lankidetzan.


