Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Udalak laguntza dispositibo bat jarri du martxan itzalaldi orokorraren ondoren, eta lasaitasunerako deia egin du

2025/04/28
Udalak laguntza dispositibo bat jarri du martxan itzalaldi orokorraren ondoren, eta lasaitasunerako deia egin du

Gaur goizean, 12:35ean, Iberdrolak "black-out" orokor baten berri eman du. Bat-batean, Estatuko zati handi bat, Legazpi barne, argindarrik gabe geratu da. Etenaren iraupenari buruzko ziurgabetasunaren aurrean, alkateak berehala deitu ditu udal teknikariak egoera aztertzeko.
Alkatearen eta udal-teknikarien arteko balorazio- eta koordinazio-bilera baten ondoren, eta egoera luzerako izan litekeela ikusita, laguntza-dispositibo bat zabaldu da, bereziki zaurgarriak diren pertsonak hartzen dituzten herriko zentroetan zehar, hala nola zahar-etxean, eguneko zentroan, Meaztin, Garagunen, Atzegin osasun zentroan edo ikastetxeetan. Ibilbide honen helburua gune horietako egoera egiaztatzea eta premiazko edozein beharri erantzutea izan da. "Pare bat ekarpen jaso ditugu, egoera luzatzen bazen ere egon litezken beharren inguruan, baina ezer aipagarririk ez", adierazi du Eric Galvez alkateak.
Aldi berean, itzalaldian, udaltzainak eta suhiltzaileak igogailuetan harrapatuta zeuden pertsonen bila atera dira, eta hainbat esku-hartze egin dituzte haiek ateratzeko. Gainera, prebentzio-neurri gisa, Udalak sorgailu elektriko bat alokatu du, eta udalerriko hainbat lantegitan ibili dira, behar izanez gero aktibatuko liratekeen gehiago aurkitzeko.
Legazpiko Udalak lasaitasunerako deia egin du eta herritarrei gogorarazi zaie, antzeko egoera bat errepikatuz gero, udaletxera jo dezaketela zuzenean, beharrezko laguntza emateko. "Berriro ez gertatzea espero dugu, baina behar izanez gero azkar eta eraginkortasunez jokatzeko prest gaude", ziurtatu du Eric Galvezek.
Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko (udaletxeko beheko solairua), 092 zenbakira dei daiteke udalerritik bertatik. Bestalde, larrialdi-zerbitzuak lasaitasuna eskatu die herritarrei, eta 112 telefonoa larrialdietan bakarrik erabiltzea eskatu dute, lineak ez kolapsatzeko.