Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

TEK Legazpi martxan jarriko da plaza guztien % 98arekin osatuta, eta Gipuzkoako Trantsizio Energetikoaren Bulegoak monitorizatuko du

2025/03/05
TEK Legazpi martxan jarriko da plaza guztien % 98arekin osatuta, eta Gipuzkoako Trantsizio Energetikoaren Bulegoak monitorizatuko du

Dagoeneko amaitutzat eman da Legazpiko Tokiko Energia-komunitatean (TEK Legazpi) izena emateko prozesua. Joan den otsailaren 25ean egindako batzarrean 207 bazkide onartzea erabaki zen.

TEK Legazpik amaitutzat eman du kanpaina, plaza guztien % 98a osatuta. Berriz ere nabarmendu behar da proiektu horrek ingurumenean izango duen eragina, udalerrian 4.765 zuhaitz landatzearen parekoa baita, hau da, atmosferara 1.191 tona CO²isurtzea saihestearen antzekoa.

Monitorizazioa

Gipuzkoako Trantsizio Energetikoaren Bulegoak monitorizatuko du TEK Legazpiren funtzionamendua. Gipuzkoako Trantsizio Energetikoaren Bulegoak (OTEG) Gipuzkoako energia-komunitateak kontrolatzeko gela bat du. Bertan, instalazioen funtzionamenduari buruzko datu guztiak jasotzeaz gain, instalazio horiek denbora errealean monitorizatzen dira, herritar guztiei zerbitzu publiko segurua eta gardena ematen zaiela bermatzeko.

Zerbitzu hori lurraldean eratu diren 55 energia-komunitateei eskaintzen zaie, baita 5 industria-komunitateei ere. Ildo horretan aipatutako bulegoak TEK Legazpiren funtzionamendua monitorizatuko du, energia-komunitatea erabat martxan dagoenean.

Gela horretatik, instalazio fotovoltaikoen produktibitatea monitorizatuko da, bai eta energia aurrezteko eta CO²emisioak murrizteko egiten duten ekarpena ere. Era berean, behar bezala funtzionatzeko izan daitezkeen arazo teknikoen alertak jasoko ditu.

Horrek guztiak energia-komunitatearen eraginkortasuna hobetzen, energia-galerak minimizatzen eta instalazioen aprobetxamendua optimizatzen lagunduko du.

Kontrol-gela hori 2024aren amaieran aurkeztu zitzaien Gipuzkoako udaletako arduradun politikoei, horien artean Oscar Valbuena Legazpiko Garapen Jasangarriko eta Trantsizio Energetikoko zinegotzia egon zelarik.

Adierazi nahi dugu ere, CEIDAn plaka fotovoltaikoak jartzeko lanak amaitu direla eta Domingo Agirre eskolako kantxakoak martxoan zehar jarriko direla.