Sustraiak dantza taldeak ‘Mende erdia herria dantzan jarriz’ emanaldia eskainiko du urriaren 11n

Urtea hasi zenetik makina bat jarduera antolatu dira taldearen 50. urteurrena dela eta. Bada, datorren urriaren 11n, urteurreneko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat eramango da aurrera. ‘Mende erdia herria dantzan jarriz’ emanaldia eskainiko da Urbeltz pilotalekuan, 12:00etan. Jaialdiaren aurkezpena urriaren 6n izango da, 12:00etan, kultur etxean.
Dantza ikuskizun berezia izango da, urte hauetan guztietan taldearen parte izan diren eta diren kideetako askok eta askok hartuko baitute parte. Guztira 200 dantzarik baino gehiagok hartuko dute parte, baita hainbat musikarik ere. “Sustraiaken ibilbidean hain garrantzitsuak diren dantzariei eman nahi izan diegu protagonismoa. Hori dela eta adin desberdinetako dantzariak elkartu ditugu, aspaldi dantza egin gabekoak, ikastaroetan parte hartutakoak, eta egun taldearen parte direnak. Dantzari helduez gain, gaur gaurkoz taldean aritzen diren haurren taldeetako batzuek ere parte hartuko dute”, diote Sustraiakeko kideek.
“Taldearen errepertorioan garrantzia handia izan duten dantzak taularatuko ditugu ekitaldian; guztiak dantza mistoak izango dira. Urtez urte Sustraiakek landu dituen ildoak erakusten dituzte dantza horiek: Gipuzkoako dantzen berreskuratzea, genero berdintasuna, dantza txapelketei emandako bultzada, ikastaroei eskainitako denbora… Belaunaldi desberdinetako herritarrak elkarrekin dantzan ikusteko aukera paregabea izango da, taldearen ibilbidea omentzeko balioko duena”, azaltzen dute.
Ospakizunekin jarraitzeko, emanaldiaren ondoren bazkari erraldoi bat ere antolatu da, azokan. Jaialdian dantza egin duten dantzariak, zein taldearekin lotura izan duten bestelako kideak elkartuko dira bertan.
Emanaldirako sarrerak urriaren 8tik 10era egongo dira eskuragarri, kultur etxean bertan. Ordutegia: 10:00-13:00 eta 15:30-20:00.
Sarrerak sobratzen badira jaialdiaren egunean bertan, urriaren 11n, 11:15ean eskuragarri izango dira Urbeltz Pilotalekuan.
Hona eguneko egitaraua:
- 10:00: Dantzariak eta musikariak Sustraiak Dantza Taldearen lokalean elkartu
- 11:30: Kalejira hirigunean
- 12:00: “Mende erdi herria dantzan jarriz” Jaialdia Urbeltz frontoian
- 14:30: Bazkaria Azokan
- Ondoren: Musika Maikiño Dj-rekin, Azokan
