Saguzar gaua, irailaren 5ean ospatuko da eta Laubideko oinezkoen gunean emango zaio hasiera

Irailak 5, ostirala, Saguzar Gaua ospatuko da Legazpin eta saio dibulgatiboan, saguzarren mundu harrigarria ezagutuko dugu eta basoen kontserbazioaren garrantziaz hitz egingo da.
Jardunaldiak honako kronologia jarraituko du:
19:30ean Laubideko oinezkoen gunean jardunaldiari hasiera emango zaio. Taldekatzeak egingo dira eta talde bakoitzak Roll up guztietako eta mahaiko materialari dagozkion azalpenak jasoko ditu. Toki bakoitzean gai honetako aditu bat egongo da informazioa ematen, honenbestez, 30-45 minututan parte-hartzaileek saguzarren oinarrizko ezagutza barneratu dutenean, ultrasoinu bidezko detektoreen erabilera azalduko da.
Ondoren, iluntzen hasten denean, talde bakoitza aditu baten gidaritzapean ibilbidea egitera joango da. Kasu honetan, Urtatzako urtegira igoko gara eta linternak edo frontalak erabili beharko dira, horrek abentura kutsua emango diolarik. Ibilbidean zehar, ultrasoinu detektagailuak baliatuz saguzarrak entzun eta espezie ezberdinak identifikatzeko aukera izango dugu eta zenbait hegan ikusteko aukera ere egongo da.
Ibilbidea amaitutakoan jardunaldiari itxiera emango zaio eta ateratako ondorioak zein kuriositateak jasoko dira.
Guztira ordu eta erdiko jardunaldia izatea aurreikusten dugu.
Beharrezkoa izango da, arropa egokia eramatea eta linterna edo frontala eramatea.
Zatoz abentura honetaz gozatzera!
