Peruko sukaldaritza tailerra ospatuko da uztailaren 12an Kulturen Arteko Egunaren atari gisa

Legazpi datorren urriaren 18an Kulturen Arteko Eguna berriro ospatzeko prestatzen ari da, kulturen arteko elkarbizitza eta trukea sustatzea helburu duen jardunaldia. Horretarako, martxotik ari da biltzen antolaketaz arduratzen den lantaldea, ez bakarrik eguna bera antolatzeko, baita proposamen eta jarduera osagarri berriei forma emateko ere.
Proposamen horietako bat Peruko sukaldaritza tailerra da. Uztailaren 12an, larunbata, egingo da herriko gizarte etxean, 11:00etatik aurrera. Oraingo honetan, parte hartzaileek Peruko plater tipikoekin menu oso bat prestatu eta dastatzeko aukera izango dute, giro lasai eta parte-hartzailean.
Legazpik 52 nazionalitate desberdinetatik etorritako bizilagunak ditu, eta, horren ondorioz, horrelako ekimenak funtsezko tresna dira lotura komunitarioak indartzeko eta herrian dagoen aberastasun kulturala ikusarazteko.
Tailerra Legazpiko Udalak eta Hotz Legazpi elkarteak antolatu dute, eta guztiz doakoa izango da. Adinez nagusiei zuzenduta dago eta gehienez ere 20 plaza izango ditu. Izen emate bakoitzak gehienez bi pertsona apuntatzeko aukera emango du, eta izena ematen duten lehenengo 20ak izango dira azkenean parte hartuko dutenak.
Izen-ematea formalizatzeko galdetegi bat bete beharko da, Udalaren ohiko kanalen bidez emango dena. Izena emateko epea: uztailak 6, igandera arte.
Jarduera hau Kulturen Arteko Egunaren programazioa aberastea bilatzen duten ekintzen multzoaren parte da, elkarren ezagutza eta kultura-aniztasuna sustatuz, gastronomia bezalako esperientzia unibertsalen bitartez.
Menua:
1. platerra: Causa de atún
2. platerra: Ají de gallina
Postrea: Pie de limón
Edaria: Chicha morada
