Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Neguko landareak eta tulipan-sibuluak banatuko ditugu doan herritarren artean astelehenean

2026/05/08
Neguko landareak eta tulipan-sibuluak banatuko ditugu doan herritarren artean astelehenean

Udaberria iristearekin batera, Legazpiko lorategietako landareak berritzeko garaia heldu da eta Legazpiko Udalak, lore horiek zakarrontzira bota beharrean, herritarren artean doan banatzea erabaki du. Ekimen honen helburua landareei beste bizi-aukera bat ematea eta herrian hondakin gutxiago sortzea da. Horrela, neguko denboraldian herria apaindu duten loreak herritarren etxeetara eta balkoietara igaroko dira, inolako kosturik gabe.

Banaketa datorren astelehenean egingo da, maiatzak 11, eguerdiko 12:00etan hasita, Euskal Herria plazan (HAZ-en sarreran). Eguraldi txarra eginez gero, ekimena Azokan egingo da. Udalak herritarrei dei egiten die hitzordura hurbil daitezen eta, bide batez, landareak eramateko beren poltsa edo ontzi propioak ekar ditzaten eskatzen die.

Violak, primulak, erysimum eta tulipan-sibuluak
Banaketan eskuratu ahal izango diren landareen artean violak daude, pentsamendu gisa ere ezagunak direnak. Landare hauek oso egokiak dira neguan kolore bizia emateko eta erraz egokitzen dira barruko zein kanpoko ontzietara. 

Horiekin batera, primulak ere banatuko dira; lore hauek negu amaierako lehenetarikoak izaten dira loratzen eta zaintza gutxi behar dute indartsu mantentzeko.

Beste espezie berezi bat Erysimum edo heskai-mostaza da, lore hori txikidun landare liraina. Bitxikeria gisa, abeslariek ahotsa indartzeko erabiltzen zutela esaten da eta sukaldean ere erabili izan da haziak gaztari puntu pikantea emateko. 

Azkenik, tulipan-sibuluak ere jasotzeko aukera egongo da. Behin lorea galduta, sibilu hauek leku lehor eta ilun batean gorde daitezke hurrengo urtean berriro landatu eta beren edertasunaz gozatzeko.

Ekimen honi esker, Legazpiko Udalak jasangarritasuna bultzatu nahi du, herriko lorategietako landareei bizitza luzatuz eta herritarrei doako opari kuttun bat eskainiz.

Gerturatu zaitez!