Latxartegiko parkea berriz urbanizatzeko lanak egikaritzeko beste pauso bat eman du Udalak

2024ko irailean parkearen ingurua biziberritzeko parte-hartze prozesuari ekin zion Udalak. Prozesu bizia eta oso aberasgarria izan zen, eta bertan herriko hainbat eragilek parte hartu zuten, baita eremuan bertan eta Legazpin bizi zirenek ere.
Prozesu horren emaitza oinarri hartuta, Salaberria Ingeniaritzak eta Juntura Kooperatibak urbanizazio proiektua idatzi dute.
Hurrengo hilabeteetan egikarituko dugun proiektu honen bidez, egindako parte-hartze prozesuaren ondorioa exekutatu eta ingurune fisikora eraman nahi da, beti ere Latxartegi eremua biziberritzeko misioarekin.
Nagusiki, hauek dira proiektuaren helburuak:
- Espazio publikoaren irisgarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzea, oinezkoentzako ibilbide irisgarriak eginez eta, horrela, plazaren eta inguruko ekipamenduen arteko lotura hobetuz.
- Adin guztietako pertsonentzako zein talde ezberdinentzako egonaldi, jolas eta harreman-guneak sortzea. Baita jolas-gune estali bat ere.
- Diseinu jasangarriko eta klima-aldaketara egokitzeko irizpideak txertatzea, plaza udalerriaren barruan klima-babesleku gisa eratzen laguntzeko.
Proiektu honekin batera, Latxartegi parkearen inguruko eraikin publikoetan geotermia bidezko berokuntza-sare bat instalatzeko beste proiektu bat ere burutuko da. Honen helburu nagusiak dira energia berriztagarrien erabileran eta emisioen gutxitzean aurrerapauso nabarmen bat ematea.