Mahaiaren bueltan eta bertsoak osatuz eman diote bukaera mintzalagunek ikasturteari

Pasatu den ostiralean, ekainaren 13an, Mintzalagun egitasmoko Legazpiko kideek ikasturteari bukaera eman zioten. 16 lagun elkartu ziren elkarrekin bazkaltzen zuten bitartean euskaraz aritzeko. Bazkal ostean, gainera, Asier Iriondok gidatuta, bertsoen mundua gehiago ezagutu eta bertsoak sortu eta osatzeko trikimailuak ezagutzeko aukera ere izan zuten, giro ederrean.
Aurtengo ikasturtean 5 Mintzalagun talde izan dira Legazpin; eta 25 lagunek hartu dute parte. Legazpiko Udal Euskaltegiak antolatzen duen Mintzalaguna proiektuaren bidez, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak, ohiturarik ez dutenekin elkartzen dira, astean ordubetez euskaraz aritzeko.
Euskaltegitik kanpo euskara praktikatzeko aukera ematea da programaren helburua. Euskaraz aritzeko zailtasuna, ohitura falta, lotsa edota beste edozein oztopo dituztenentzat aproposa izan daiteke.
Uda ostean, berriro ere lagun artean euskaraz aritzeko programari berrekingo zaio eta parte hartu nahi dutenek orduan izango dute izena emateko aukera.