Legazpiko “Zu” memoria-gunea maiatzaren 17an inauguratuko da

Udalak eta Esku Hutsik elkarteak izandako lankidetzaren ondorio (haurdunaldian, erditzean eta jaioberritan gertatzen diren haurtxoen heriotzengatiko dolu-elkartea) Legazpik memoria-gune bat izango du, hau maiatzaren 17an eguerdiko 12.00etan inauguratuko delarik. Gune hau herriko kanposantuan kokatuko da, eskaileren lehen tartea igo eta eskuinaldean dagoen lorategiaren ondoan eta, bertan, Juan Mari Burguera herriko artistak egindako eskultura egongo da. “Zu” izeneko eskurltura hildako haurtxo guztien memoria ohoratuko du. Hau izango da dolurako Euskadiko laugarren memoria-gunea, Gipuzkoako bigarrena. Gaur egun, Hernani, Derio eta Gasteiz dira gune horiek dituzten herri bakarrak.
Legazpik memoria-gune bat izango zuenaren berri eman zuen 2024ko urrian eta hilabete hauetan zehar prestaketa lan guztiak aurrera eraman dira hau posible izateko. Gune hau maiatzaren 17an inauguratuko da eguerdiko 12.00etan, horretarako aurrera eramango den ekitaldian, bertan herriko talde, udal ordezkari, Esku Hutsik elkarteko ordezkariak eta Juan Mari Burguera artista bera ere egongo dira, nahi duten herritar orori ere bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi diogularik.
Juan Mari Burguerak obraren eskubideak eman dizkio Udalari; beraz, bere keinua eskertzeaz gain, hasiera-hasieratik erakutsi duen onginahia eta inplikazioa ere nabarmendu nahi ditugu. Eskultura kokatzeko behar diren lanak aurrera eraman dira dagoeneko, beraz guztia prest dago “Zu” eskultura dagokion lekuan kokatzeko.
“Zu” memoria-gunea
Haurtxo bat galdu duten familiekiko errespetu eta konpromiso handiko keinu batean, "Zu" memoria-gunea sortu da, negar egiteko, gogoratzeko eta sendatzeko pentsatutako lekua. Gune hau bi helbururekin sortu da: jaioberrien doluaren mina bizi dutenentzako bilketa-ingurune bat eskaintzea eta, aldi berean, giza esperientzia sakon honen gainean oraindik dagoen isiltasuna ikusaraztea eta apurtzea.
"Zu" ez da espazio fisikoa bakarrik, sinbolikoa ere bada. Amek, aitek, neba-arrebek eta beste maite batzuek beren samina askatasunez adierazteko eta goizegi abiatu zirenen oroimena bizirik mantentzeko babesleku gisa pentsatuta dago. Aldi berean, topaleku eta hausnarketarako gune bihurtzen da, estigma edo gizarte-ulermen gabezia dela-eta askotan bakardadean bizi den errealitatea aldarrikatzeko.
Jaioberri bat galtzeko dolua tabua da oraindik kultura askotan. "Zu" Memoria-guneak narratiba hori aldatu nahi du, kontzientzia sortuz, laguntza emozionala sustatuz eta jaiotza-inguruko eta jaioberrietako doluari buruzko elkarrizketa kolektiboa sustatuz.