Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpiko Udalaren komunikatua, amiantoaren eraginpean egoteagatik emandako epaiari buruzkoa

2025/09/05
Legazpiko Udalaren komunikatua, amiantoaren eraginpean egoteagatik emandako epaiari buruzkoa

Legazpiko Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak udal-langile ohi bat bere lanean amiantoaren eraginpean egoteagatik eman duen epaiaren berri eman nahi die herritarrei.

2025eko uztailaren 15eko epai horrek, irailaren 4tik irmoa denak, 368.780,77 euro ordaintzera kondenatzen du Legazpiko Udala, hau da, Udalak 376.305,03 euroko kalte-ordainaren % 98,01 ordaindu beharko du, langile hori 80ko eta 90eko hamarkadetan amiantoaren eraginpean egoteak eragindako gaixotasun profesional (pleurako mesotelioma) baten ondoriozko kalteengatik. CIE Legazpi eta Sidenor enpresa kodemandatuek gainerako % 1,99a hartuko dute beren gain.

Udalak:

  • Erabat errespetatzen du epailearen erabakia, eta elkartasuna adierazten diogu kaltetutako langileari eta haren familiari.
  • Erantzukizunez onartzen du dagokion zatia, eta gertatutakoa testuinguru historiko batean gertatu zela gogorarazi nahi du; hala, testuinguru hartan oraindik ez zeunden laneko prebentzioari eta babesari buruzko egungo estandarrak.

Ildo horretan, Legazpiko Udalak udalerri osoan amiantoa duten instalazioen eta kokalekuen oinarrizko errolda egin du, bai eta horiek kentzeko plana ere, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea betez eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako metodologiari jarraituz. Gaur egun, azterketa tekniko xehatua egiten ari dira udal-titulartasuneko eraikin publikoetan.

Era berean, amiantoa kentzeko eta kudeatzeko Udala gauzatzen ari den esku-hartzeak lan-arriskuen prebentzioaren eta ingurumen-babesaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera egiten ari dira. Eragiketa horiek Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroan (RERA) inskribatuta dauden eta hondakin arriskutsu horiek manipulatzeko eta kudeatzeko baimenduta dauden enpresek baino ez dituzte egiten.

Estatuan, amiantoa debekatuta dago 2002. urtetik. Debekua 1406/1989 Errege Dekretua aldatu zuen ministro-agindu baten bidez ezarri zen, substantzia arriskutsuen erabilera eta merkaturatzea mugatuz, amiantoa barne. Debeku hori amiantoa duten materialen fabrikazioari, erabilerari eta merkaturatzeari aplikatzen zaie.

Aipatzekoa da Legazpi dela 7/2022 Legea osorik bete duen Euskadiko bost udalerrietako bat — eta hiru baino ez dira izan Gipuzkoan —. Hala, epe barruan egin eta aurkeztu ditu bai amiantoa duten eraikinen errolda, bai amiantoa kentzeko plana eta bai lan horiek gauzatzeko egutegia.

Araudia betetzeak indartu egiten du toki-administrazio arduratsu, garden eta osasun publikoa babesten duen batekin dugun konpromisoa. Lanean jarraituko dugu gure langileentzako zein herritar guztientzako ingurune seguruak bermatzeko.