Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpiko Udalak, neska eta emakume zientzialarien nazioarteko eguna ospatuko du otsailaren 2tik 11ra

2026/01/30
Legazpiko Udalak, neska eta emakume zientzialarien  nazioarteko eguna ospatuko du otsailaren 2tik 11ra

Emakume eta Nesken Zientziaren Nazioarteko Eguna otsailaren 11n ospatuko dela-eta, Legazpiko Udalak jarduera-programa zabala antolatu du, zientziaren arloan ibilbide profesionala egin duten emakumeak ikusgai jartzeko eta oraindik ere existitzen diren oztopoak eta estereotipoak hausten laguntzeko helburuarekin.

Egitaraua urtarrilaren 23an hasi zen Latxartegi aretoan 20:00etan Petti eta Ana Galarragaren eskutik eskaini zen “Frankestein agurgarria” musika-errezitaldiarekin.

Otsailaren 2tik 11ra bitartean, Legazpiko Udalak Elhuyarrekin batera #ErakusleihoakO11 egitasmoa jarri du martxan Legazpiko 28 saltokietan.

Denda horietako erakusleihoek emakume zientzialarien irudi inspiratzaileak izango dituzte, Legazpiko kaleak herritar guztientzat irekitako dibulgazio-ibilbide bihurtuz. Ekimen honen bidez, legazpiarrek ginkana batean parte hartu ahal izango dute, herrian barrena ibiliz zientziako emakumezko erreferenteak ezagutzeko.

Ginkanan parte hartzen duten pertsona guztien artean 100 euroko bonu bat zozketatuko da, ekimen horretan parte hartzen duten saltokietan gastatzeko.

Hezkuntza-zentroek ere bat egingo dute ekimenarekin. Olamendi eskolak eta institutuak zein Haztegi ikastolak ginkanan parte hartuko dute aste horretan, Ginkana osatzen duten ikasleen artean antzerkirako sarrerak zozketatuko dira, eta KIMIKARIN TALDEAK dinamizatutako “Emakume kimikariaren tailerrean” parte hartzeko aukera izango dute.

Halaber, Udalak Legazpiko emakume zientzialariei espazio berezia eskaini nahi die. Horretarako, otsailaren 3an mahai-inguru bat antolatuko da, eta bertan hainbat legazpiarrek beren esperientzia profesionalak partekatuko dituzte zientziaren arloan.

Egitaraua osatuko da otsailaren 2tik 11ra Kultur Etxean ikusgai egongo den emakume zientzialariei buruzko erakusketa batekin. Erakusketan emakume zientzialarien ibilbideak ezagutzeko pelikula eta irakurketa gomendioak bisitarien eskura jarriko dira.

Udalak herritar guztiak animatzen ditu inspiratzeko, sentsibilizatzeko eta gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiteko pentsatutako egitarau honetan parte hartzera.

PROGRAMA