Legazpiko Udalak 75 aparkaleku berri jarriko ditu Urtatza-Laubide inguruan

Legazpin mugikortasuna eta aparkatzeko baldintzak hobetzeko udal-konpromisoaren esparruan, joan den maiatzaren 19an egindako Gobernu Batzordeak Ormaizpei S.L. enpresarekin akordio bat sinatzea onartu zuen, Urtatza-Laubide inguruan, Urtatzako biltegiaren azpian, behin-behineko aparkaleku berri bat jartzeko. Gainera, datozen hilabeteetan Urtegialden (Urtatzako iturria) 33 aparkaleku berri eraikitzeko obra hasiko da. Beraz, Laubide-Urtatza eremuak 75 aparkaleku berri izango ditu laster.
Ormaizpei SL enpresarekin egindako akordioaren arabera, enpresak doan utziko dio lursailen erabilera Udalari, gune honetan aurreikusitako hirigintza-garapena hasi arte. Udalaren ardura izango da gune hau egokitzea, eta laster hasiko dira eremua egokitzeko lanak. Behin-behineko aparkaleku berri honek 42 plaza izango ditu.
Urtegialdeko aparkalekuak
Behin-behineko 42 aparkaleku horiei Udalak Urtegialde inguruan (Urtatzako iturria) egindako 33 aparkaleku gehiago gehitu behar zaizkie. Obrak datozen hilabeteetan hasiko dira.
"Herritarrekin dugun konpromisoa berresten dugu bi inbertsio hauek gauzatuz, bizilagunen bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko eta guneari eragiten dion aparkaleku-arazoari erantzun zehatza emateko", dio Eric Galvez Legazpiko alkateak.