Legazpiko Udalak 2026rako udal tasa berriak onartu ditu

Legazpiko Udalak joan den asteazkenean, irailak 24, egindako osoko bilkuran onartu zituen 2026an indarrean sartuko diren udal tasa berriak. Oro har, % 2,7ko igoera planteatu da, uztaileko KPI erreferentziatzat hartuta, azken ekitaldietan ohikoa den bezala.
Aldaketa nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
• Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ): % 3.7 igoko da (KPI % 2.7 +1). Denboraren poderioz higiezinek duten katastro-balioaren jaitsiera konpentsatzeko aplikatzen da % 1 hori, diru-sarreren mailari eusteko eta diru-bilketan beherakada saihesteko.
• Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ): % 4,9ko igoera izango du.
• Hondakinen tasa: igoerarik esanguratsuena izango da, % 14koa, hau da, hiruhilekoan 6 euro gehiago. Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legearen arabera (2025ean jarri zen indarrean), udalek hiri-hondakin solidoen kudeaketa eta tratamendu kostuen % 100 bete behar dute legez. Sasietak egindako diru-sarreren eta gastuen aurreikuspenaren arabera, igoera ezinbestekoa da kostuak estaltzeko.
• Txakurren eta katuen harrera eta egonaldia: % 10eko igoera.
• Uztalaiko udako ikastaroak: tarifa 80 eurotik 85 eurora igaroko da, eta honekin zerbitzuaren kostuaren % 50 inguru ordainduko da.
• Tasa berriak: tarifa bat gehitzen da enplegu publikora sartzeko hautaketa-probetarako, Udalari gastuak eragiten dizkioten gezurrezko inskripzioak saihesteko.
• Kiroldegiko abonamenduak: igoera orokorra % 7koa izango da. Horrek esan nahi du, adibidez, familia-unitate bakoitzeko gehieneko kuota 25 eurotik 27ra igoko dela, eta banakakoa 15 eurotik 17 eurora; gazteen ordainketa 12 eurotik 13 eurora pasako da. Gainerako kirol-zerbitzuetan % 5eko igoera aplikatuko da, zerbitzuaren beraren kostuak estaltzeko.
Bestalde, tasa eta prezio publiko jakin batzuk izoztuta mantenduko dira. Hala, ez dira handituko etxez etxeko laguntza-zerbitzua edota Meazti eguneko zentroa, kasu horietan zerbitzuaren kostu osoa estaltzen baita. Euskaltegiko eta aparkalekuetako tarifek ere ez dute igoerarik izango.
Udalak azpimarratu nahi du tasa horien doikuntzak udal zerbitzuen egonkortasuna eta funtzionamendu egokia bermatzea bilatzen duela, beharrezko inbertsioak egin ahal izateaz gain. Hala ere, gogorarazi dute ordainketa horiei aurre egiteko zailtasunak izan ditzaketen pertsonek gizarte-zerbitzuetara jo dezaketela, eta han egoera bakoitza banaka aztertuko dela, irtenbide egoki bat eskaintzeko.